«Orain ez naiz batere damutzen Euskal Ikasketetako gradua aukeratu izanaz»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 30a

Ane Ballarena, kontatu duenez irriz aritzeko beti prest. Argazkia: Utzitakoa.

Ane BALLARENA FAGOAGA, Urdazubiko gaztea.

Urdazubikoa da Ane Ballarena Fagoaga. Dena den, Gasteizen bizi da orain astetartez, Euskal Ikasketetako gradua ikasten ari dela kontatu digu. 156 km daude Urdazubitik Gasteizera eta alderantziz, hala, bizi dituen bi bizimoduez mintzatu da; bide beretik, etorkizunera nahiko lukeenaz ere aritu da.

Nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Galdera zaila da, baina neure burua jakin-min handiko pertsona gisa dut, beti ikasteko gogoz dagoena eta ingurukoekin irri batzuk botatzeko prest dagoena. 

Zer duzu maite?

Familia eta lagunekin egotea maite dut, baina horretaz gain; bidaiatzea, musika eta besta giroa ditut gustuko.

Urdazubikoa zara: zer da herrian gehien maite duzuna? 

Gehien maite dudana lasaitasuna da. Naturaz inguraturik bizi gara eta herriko giroa polita da; denek elkar ezagutzen dugu. 

Euskal Ikasketetako gradua egiten ari zara...

Euskara eta literatura betidanik gustatu izan zaizkit eta hortaz aukeratu nuen gradua. Hasieran zalantzak izan nituen, baina orain ez naiz batere damutzen. Alde guztietako jendea ezagutu dut eta Gasteizko giroa ikaragarria da. Azken hiru urteak aski fite pasatu dira eta gauza anitz ikasi ditut Gasteizen.

Zein duzu leku kuttunena Urdazubin? 

Iribere auzoa.

Eta Gasteizen?

Gehien gustatzen zaidana karriketako giroa da, batez ere alde zaharrean sortzen dena; beti bada mugimendua. 

Bidaiatzea atsegin duzu, egin duzunetatik bat aukeratzekotan, zein?

Egin ditudan bidaietatik bat aukeratu beharko banu, seguru aski urtarrilean unibertsitateko lagunekin Coimbrarat egin genuena aukeratuko nuke. Aski esperientzia polita izan zen.

Eta baduzu lekuren bat bistatzea gustatuko litzaizukeena? 

Egia erran leku guziek badute beren xarma, baina baten bat aukeratzekotan, Txile edo Argentinarat bidaiatuko nuke. 

Bide beretik, baduzu esperientziaren bat noizbait bizitu nahiko zenukeena?

Kanpoan denboraldi bat bizitzea gustatuko litzaidake, leku berriak bisitatu eta jende berria ezagutzeko. 

Gomendatuko zenituzkeen pelikula eta liburu bat?

Pelikularen bat gomendatzekotan Bizkarsoro eta liburua Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox

Etorkizunera begira, zein helburu dituzu?

Epe motzera azterketak akitu eta uda polita pasatzea, eta luzeagora begira, orain bezain ongi segitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun