‘Herria’ aldizkariak argitaratutako testuak digitalizatu eta erabiltzaileen eskura jarriko ditu Euskaltzaindiak

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 30a

Peio Jorajuria eta Andres Urrutia, hitzarmena sinatu ondotik, Herria aldizkariko eta Euskaltzaindiako bertze ordezkariekin batera, ortziralean Baionan.

Euskaltzaindiak eta Herria aldizkaria kudeatzen duen elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute ortzirale honetan Baionako Herriko Etxean. Peio Jorajuria Herria elkarteko presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute hitzarmena. Akordio horri esker, Euskaltzaindiak 1944tik 2028ko abenduaren 31 bitartean Herriak argitara eman dituen eta emanen dituen testuak digitalizatzeko konpromisoa hartu du, testu horiek erabiltzaileen eskura jarriz.

Gainera, Herria elkarteak eskubide ez esklusiboa ematen dio Akademiari Herria aldizkariaren funtsa erreproduzitu eta jendearen aitzinean edozein bitarteko analogiko edo elektroniko erabiliz jartzeko. Lagapen hori 20 urterako ezarriko da, eta mundu mailakoa izanen da. Akordio honi jarraikiz, Euskaltzaindiak Herria aldizkariaren funtsa erabili ahalko du bere proiektu akademikoetan eta Akademiak baimendutako batzorde akademiko edo ikertzaileen proiektuetan.

Andres Urrutia (euskaltzainburua): «Ipar Euskal Herrian euskara eta euskal kultura hauspotzeko alimaleko ahalegina egiten duen aldizkaria osorik jarri nahi dugu erabiltzaileen esku».

Andres Urrutia euskaltzainburuak Herria aldizkariaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Baionako ekitaldian: «Ipar Euskal Herrian euskara eta euskal kultura hauspotzeko alimaleko ahalegina egiten du Herriak. Honela, elkartearekin lankidetzan jardun nahi dugu hamarkadetan pilatu den altxor hori ikusarazteko, adimen artifizialak eskaintzen dituen erremintak erabiliz. Herriak ondu duen altxor linguistikoa eta kulturala, kazetaritza egoki eta herritar baten bidez, gizartearen eskura jarriko du Akademiak, artez moldatutako euskara baten testugintza oparoa eskainiz».

Peio Jorajuria (Herria elkarteko presidentea): «Euskaltzaindiak eginen duen lanaz eskerdun eta ohoratuak gara, gaur egun oraindik astero lantzen dugun altxorrak are gehiago distiratuko baitu lau haizeetara zabaldurik»

 

Bere aldetik, Peio Jorajuria Herria elkarteko presidentea eskertuta agertu zen hitzarmena sinatu ondoren, eta aldizkariaren ibilbide oparoa gogoratu nahi izan zuen ekitaldian: «Herria astekariak 80 urtez gorako historia luzea dauka. Besteak beste, Piarres Lafitte, Emil Larre, Jean Hartitschelhar eta Janbattitt Dirassarrek utzitako ondare paregabea daukagu esku artean, Ipar Euskal Herrian erreferentziazko hedabide bilakatua eta hemendik aitzina ere biziarazi nahi genukeena. Gaur Euskaltzaindiarekin izenpetuko dugun hitzarmenak Herria astekariaren argitalpen-funts osoaren digitalizatzea bideratuko du, ondotik nonahiko euskaltzale guzien eskupean izango dena molde baliagarrienean. Eta Euskaltzaindiak eginen duen lanaz eskerdun eta ohoratuak gara, gaur egun oraindik astero lantzen dugun altxorrak are gehiago distiratuko baitu lau haizeetara zabaldurik». Jorajuriarekin batera, Menane Oxandabaratz Herria astekariko administrazio kontseiluko kidea ere izan zen ortziralean Baionako Herriko Etxean.

Herria aldizkaria: erreferentziazko hedabidea

Herria 1944. urtean sortu zen. Bere helburuen artean euskararen defentsa eta sustapena daude eta, horretarako, maiztasun aldakorra izan duen aldizkaria argitaratu du, tokian tokiko askotariko testuak sortuz eta euskal hiztunen esku jarriz. Ipar Euskal Herrian, Herria aldizkaria erreferentziazko hedabide bilakatu da, sortu zenetik, aldiko gizartea islatzen duen tokian tokiko testigantzak jaso eta argitaratu baititu. Era berean, azpimarratu behar da Herriak erabiltzen duen hizkuntza erregistro oparoa, euskara herriz herri bizi denaren eta biziarazten ari denaren lekukotza ezin ederragoa eskainiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun