Gazte Xilabako finalera sailkatu da Unax Aizpurua saratarra

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 25a

Larunbatean Larzabalen Gazte Xilabako kanporaketa saioa jokatu zuten.

Gazte Xilabako finalerako sailkapen saioa larunbatean jokatu zuten Larzabalen. Hamahiru bertsolari gazte aritu ziren kantari, eta seik lortu dute ekainaren 7an Itsasun eginen duten finalera sailkatzea. 

Finalerako sei txartelen bila hamahiru bertsolari hauek aritu ziren larunbatean bertsotan: Maria Argain Oihanburu, Ganix Zapirain Casado, Aitor Del Bosque Gascon, Nahia Etxeberri Lopepe, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Laina Alkhat Larrandaburu, Hegoi Alberdi, Ainhize Urkia Barrero, Ekain Harlouchet, Unax Aizpurua Ibargarai saratarra, Johane Larre Salaberri, Pagoa Bidart Hirigoien eta Amaiur Aizpurua Eskisabel. Hodei Lekuona Blanco ere aritzekoa zen, baina osasun arazoak tarteko ezin izan zuen parte hartu. 

Unax Aizpurua Ibargarai saratarra larunbatean Larzabalen egindako kanporaketa saioan. Argazkia: Mirentxu Ibargarai. 

Azkenean seik lortu zuten finalerako txartela: Unax Aizpurua saratarrarekin batera, Nahia Etxeberri, Gana Berhokoirigoin, Amaiaur Aizpuru, Johane Larre eta Leina Alkhatek. Finala ekainaren 7an Itsasuko Sanoki gelan izanen da, 10:00etan hasita. Joan den urteko finalarekin konparatuz, Joane Larre izanen da aurpegi berria, gainerako bortzak finalean aritu baitziren. Aldi hartan, Nahia Etxeberrik jantzi zuen txapela eta Unax Aizpurua gelditu zen bigarren. Saratarrak Euskal Herriko txapela jantzi zuen ondotik.

Euskal Herrikoa ekainaren 13an Arantzan

Eskolarteko Txapelketa ekainaren 13an bukatuko dute Arantzan, orduan jokatuko baitute Euskal Herriko finala. Dagoeneko, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako ordezkariak erabakita daude. Maia Ortiz de Zarate eta June Astegieta ariko dira Arabatik; Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra eta Kattalin Lizarraga Mendia leitzarra Nafarroatik; eta Adei Urbitarte eta Kattalin Arabolaza Gipuzkoatik. Bizkaiko finala heldu den larunbatean jokatuko dute Aulestin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun