Sorgin Haizea antzerki taldeak emanaldia eskainiko du maiatzaren 22an Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 20a

Zugarramurdiko Sorgin Haizea taldea, 2019an Logroñon egindako emanaldi baten ondotik.

Sorgin Haizea Zugarramurdiko antzerki taldeak prestaturik, maiatzaren 22an antzerki polit bat ikusteko aukera izanen da, Sorginen Museoan, ortziralean 19:30ean. Aurkeztuko dena, Hondarribiko sorgin ehiza (1611) izanen da, eta bertan ikusiko ditugu akusatutako lau emaztekiak, bi agintariak eta Ixabel, akusatzailea izan zen neska gaztea. Hauek denak zugarramurdiarren eskutik ezagutuko ditugu.

Hondarribiko sorgin ehizari buruzko lana aurkeztuko du Zugarramurdiko taldeak ortziralean,19;30ean, Sorginen Museoan

Sorgin Haizea antzerki taldea 20 lagunez osatua zen, eta sorgin ehizarekin zerikusia zuen ikuskizun ederra eskaini izan zuen hainbat tokitan (bai Euskal herrian, baita Madril, Aragoi eta Katalunia aldean ere), 2008. urtean hasi eta 2019. urteraino. Talde handi hartatik zortzi lagun animatu dira orain aipatzen dugun ikuskizunean.



Xabier Susperregiren 'Maria de Illarra' liburuaren azala.

 

'Maria de Illarra' liburua

Antzerki emanaldiaren ondotik, Maria de Ilalrra liburuaren aurkezpena izanen da. Hondarribiko akusatutakoetako bat da andre hau, eta Xabier Susperregi idazleak bere omenez idatzitako liburua da.

Xabier Susperregi ezaguna dugu herrian, berak idatzi baitzuen Iangoneko bordako Migel Mari Iturbideren heriotzari buruzko liburua 2022. urtean. Ondorioz, urte horretako azaroan oroitzapen omenaldi bat egin zitzaion Migel Mariri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun