Ekitaldiari hasiera emanez, Ainara Maia arduratu zen lehen hitzez, liburuaren poemen biltzaile eta editore gisa. Bere hitzetan, aurten ere Hatsaren Poesiak egindako ibilbidea azpimarratu zuen: «Oxtikenetik Larraldera, eta Larraldetik Ur‑Hegira, ia hiru hamarkadako bidea poesiaren arnasean jorratuz».
Ondotik, Jokin Mitxelenak, aurtengo azalaren egileak, liburuaren irudi‑proposamena azaldu zuen, «poesia hitzez ez ezik irudiz ere» adieraz daitekeela erakutsiz. Segidan, Marisa Arruabarrenak bere sar‑hitza irakurri zuen, entzuleen arreta eta hunkidura bilduz.
Ekitaldiari amaiera eman zion Auxtin Zamorak, hunkiturik, Hatsaren Poesiaren izpirituari buruzko hitzaldi sakonarekin. Bere azken esaldiek, «bizia poesia dela, eta poesia, bizia», aretoa isiltasun bete‑betean utzi zuten. Ekitaldia Ur‑hegian egin zen, etxearen jabearen eta Senpereko auzapezaren presentziarekin.Aurkezpenaren amaieran, ohiko zozketak egin ziren: heldu den urteko libururako sar‑hitza idazteko ardura Juankar Lopez Mugartzari egokitu zitzaion, eta Hatsaren Poesiaren azken 27 liburuen bilduma Antton Kazaboni. Honek, keinu esanguratsu batean, bilduma Jokin Mitxelenari oparitu zion.
Horrela, beste urte batez, Hatsaren Poesiak bere bidea berresten du: komunitatearen arnasean sortzen den poesia bizia, irakurlearen eskuetan jarraitzen duena.