Kultur Topaketen garaia izanen dute Senperen apirilaren 10etik 24ra

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 9a

Ortzirale arratsaldean 'Enarak' dokumentala emanen dute Larrekon, 1960ko hamarkadako pop-rock talde euskaldun baten historia bitxia. Argia Saria irabazia du 2024ko dokumental honek.

Laugarren aldikotz, Kultur Topaketak antolatu ditu Senpereko herriak apirilaren 11tik 25era. Eskaintza artistiko anitza proposatua da denboraldi horretan. Bi astez, Senpertar eta bisitariak gonbidatuko dituzte dokumentala, dantzak, ipuinak, perkusioak, antzerkia... nahastuko dituen programazio aberatsaren bidez ezagutu, partekatu eta harremanetan jartzeko. Egitarau osoa www.saintpeesurnivelle.fr webgunean. 

Ortziralean 19:00etan Larreko kulturgunean eskainiko duten ‘Enarak’ dokumentalarekin abiatuko da

Haurrek eta helduek hainbat jarduera hasi, esperimentatu eta trukatzeko aukera izanen dute, hala nola itsas modelismoa, pilota eta xisteraren ekomuseora bisita edota egun horietako animazio kulturaletan parte hartu. Arranoen Begia elkarteko kideek lagunduko dituzte kultur topaketak, eta ekitaldietako unerik ederrenak harrapatuko dituzte beraien argazkien bidez.

Egitarau zabala

Apirilaren 10ean, ortziralean 19:00etan, Enarak dokumentala eskainiko dute Larreko kultur gunean.

Enarak 2024ko dokumental bat da, Bira Produkzioak kooperatibak ekoitzia eta Beñat Iturriozek zuzendua. Filmak 1960ko hamarkadako pop-rock talde euskaldun baten historia bitxia eta haien desagerpen misteriotsua kontatzen du. Dokumentalak Ikus-entzunezko Argia Saria jaso du, euskal musikaren historiaren zati hau modu original eta ausartean berreskuratzeagatik.

Apirilaren 11n, larunbatean 14:00etan hasita, Frantziako ADIF Doomi Yoff elkarteak antolatutako afro-euskal musika eta dantza topaketa eginen dute Larrekon.

Apirilaren 14an, Ortzadarra elkarteak antolatuta, haurrentzat margo lehiaketa eginen dute Xan Iturria plazan eta margolanak eta eskulturak ikusteko aukera ere izanen da, asteartean 14:30etik 17:30era.

Apirilaren 15ean, asteazkenean 14:00etatik 16:00etara pilotaren eta xisteraren museoa urririk bisitatzeko aukera izanen da, Turismo Bulegoaren eskutik. Larreko kulturngunean, berriz, Kixka antzerki taldearen antzezlanak ikusteko aukera izanen da 10:30ean, 11:30ean, 14:00etan eta 15:30ean.

Apirilaren 16an, Epaulard Senpere elkartearen eskutik, erakusketa ikusgai izanen da Larrekon, ortzegunean 09:00etatik 12:00etara eta 13:30etik 17:00etara. Kixka antzerki taldearen emanaldiak ere izanen dituzte 17:00etan eta 18:00etan.

Apirilaren 17an, Epaulard Senpere elkartearen eskutik, erakusketa ikusgai izanen da Larrekon, ortziralean 09:00etatik 12:00etara eta 13:30etik 17:00etara.

Apirilaren 18an, Arte Lanbideen Eguna izanen dute Larrekon, larunbatean 10:00etatik 18:00etara, Arbaso elkartearen eskutik. 14:00etatik 16:00etara, berriz, automodelismoan hastapen tailerra eskainiko du Côte Basque automodelismo elkarteak, Xan Iturria plazan.

Apirilaren 19an, igandean, Arte Lanbideen Eguna izanen dute Larrekon, 10:00etatik 18:00etara, Arbaso elkartearen eskutik. 11:00etatik 12:30era Zirikolatz dantza taldeak animatutako mutxikoak dantzatuko dituzte Xan Iturria plazan. 16:00etan, Zirikolatz eta Zarena Zarelako taldeen dantza ikuskizuna Larrekon.

Apirilaren 22an, asteazkenean 19:00etan, Le roman de Guernica antzerkia eskainiko dute Larrekon. Paul Haimen idazlanaren egokitzapen librea da, irakurraldi antzeztu bat dela medio. Ikuskizun honek Gernikako familia baten bizi tragikoa lotzen du Picassoren margolan nagusiko pertsonei, animaliei eta objektuei.

Apirilaren 24an, azkenik, Bake-Une antzezlana joko dute ortziralean 18:30ean, Larrekon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun