Vero Baena

«Artileari bizi gehiago eman beharra zaio zuen balioa berreskuratzeko»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 4a

Vero Baena lehenbizikoz 200 ardiri baino gehiagori ilea moztu zien egunean, argazkian 209. ardiarekin.

Vero BAENA, Zugarramurdiko ardi moztailea.

Sortzez Zaragozako herri ttiki batekoa da Vero Baena eta, egun Zugarramurdin bizi dela erraten ahal bada ere, ile moztaile lana dela medio, «urte osoa hemendik harat» igarotzen duela erran digu. Bide batez, ardi ile moztaile ofizioa, haren garrantzia eta berezitasunak izan ditu solasbide.

Bere hitzetan, «arras baserri eremukoa den emakumea» da bera. Bide batez, «ttikitatik landa eremuan hezi eta hazi izan naiz; aitak bazuen azienda, eskolan baratzea lantzen genuen…». Eta ttikitatik landa eremuari izan dion miresmena tarteko, Zugarramurdin bizitzen akitu du Baenak: «Betidanik gustatu izan zaizkit bizitoki alternatiboagoak, Zugarramurdirekin betidanik lotura berezia izan dugu, espeziala baita herri hau niretzat. Hamasei urte nituenetik etortzen ginen eta fisioterapia ikasketak akitu nituenean, denbora batez hemendik harat bueltaka ibili ondotik, azkenean hona etorri nintzen bizitzera. Dagoneko 10 urte inguru daramatzat hemen». 

Europan barna saltoka

Aitzinetik aipatu bezala, ardiei ilea moztea du ofiziotzat Baenak eta sasoia hasten dutenetik akitzen duten arte, «herrialdez herrialde, hemendik harat eta handik honat» ibiltzen direla berretsi digu behin eta berriz. Hala, tradizio gisa hartua duten ibilaldia zein den esplikatu du: «Egin ohi dugun zirkuitua holaxekoa da: otsailean hasten gara Frantzian, mendira joanen diren ardiekin, ondotik Suitza aldera partitzen gara, gero Siziliara, Alpetara eta Eskoziara ere bai. Abuztuan geldialdia egiten dugu eta, mendian ibili diren ardiak baserrietara bueltatzen direnean, bigarren bueltari ekiten diogu».

«Sasoiko lan egunak horrela izaten dira: goiz jeiki, buzo espezialak jauntzi, makinak hartu, furgonetan sartu eta egun horretan tokatzen den baserrirako bidea hartzen dugu. Behin han gaudela, ardiak hartu eta ilea mozteari ekiten diegu goiz goizetik»

Lanaldi garaia hizpide, eguneroko martxaz galdetu eta errutina markatua dutela azaldu digu: «Sasoiko lan egunak horrela izaten dira: goiz jeiki, buzo espezialak jauntzi, makinak hartu, furgonetan sartu eta egun horretan tokatzen den baserrirako bidea hartzen dugu. Behin han gaudela, ardiak hartu eta ilea mozteari ekiten diegu goiz goizetik. Normalki lan taldetan banatzen gara baserrietan barna». Banaz bertze, egun bakarrean 300 ardi baino gehiago egitera ailegatu dela aipatu du, eta ba omen dira ile moztaile profesionalak 500 buru baino gehiago egitera iristen direnak.

Aurten hiru urte eginen ditu Baenak sasoiko ibilbidean parte hartu ezin duela; erran duenez, «duela hiru urte istripua izan eta eskua xehatu nuen, ebakuntzak tarteko, ile mozte lanak alde batera utzi behar izan ditut momentuz». Alta, txarra den lekuan ona ere badela demostratu du eta euskara ikasten ari denaren berri eman digu: «Herrialde batetik bertzera ibili gara beti gelditu gabe eta, hainbertze hizkuntza eta buelta, ez dut euskara ikasteko nahiko astirik atera. Hizkuntza anitz gustatzen zait ezagutu nuenetik eta euskal kultura ere arras berezia iruditzen zait. Halere, euskara ikastea kostatzen ari zait pixka bat zaila ere egiten ari zait»

«Australiara joan nintzen eta han ikasi nuen artilea ongi nola landu, han artilea lantzeko arras sistema onak dituzte eta garrantzia handia ematen segitzen diote, hemen hori galdu egin da, ordea»

Eta artilearekin, zer?

Ardiei ilea mozten ez ezik, artilea lantzen ere ibiltzen da Baena eta, erran duenez, «artilearekin lan egiteko anitz jakin behar da: haren erabilerak, ardiaren zatiak, eta hartara, zein ile diren erabilgarrienak gero lantzeko…». Hala, inor ez denez ikasia sortzen, teknikak eta bertzelakoak ikasteko pendiente gelditu ohi dira. Oro har, Australia artilearen lurralde gisa definitu du Baenak eta han ikasitakoak hona ekarri dituela gaineratu du: «Australiara joan nintzen eta han ikasi nuen artilea ongi nola landu, han artilea lantzeko arras sistema onak dituzte eta garrantzia handia ematen segitzen diote, hemen hori galdu egin da, ordea. Hala ere, duela urte batzuk, Europa Iparraldean hura berreskuratzeko lanetan hasiak direla aipatzekoa da». Are gehiago, artilez inguraturik «goxo» sentitzen dela argi utzi nahi izan du: «Artileak badu zerbait berezia niretako, erakargarria suertatzen zaidan zerbait».

Hurrengo belaunaldietan fokua

Gisa berean, etorkizunera begira, Baenak bidea garbi ikusten duela erran digu; artilez estalirik akaso, baina garbi: «Artilea lantzen gehiago trebatu nahiko nuke aurten. Ez hori bakarrik: artileak duen merkatuari buelta bat eman nahiko nioke, aztertu nola bizi gehiago eman eta artileak lehenago jendartean zuen balioa nola berreskura daitekeen ikusi. Horrez gain, belaunaldien arteko erreleboan ere zentratu nahiko nuke, hurrengo balaunaldiek ofizioa ikas dezaten formakuntzak edota ikastaroak eskaintzen hasi, adibidez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun