Euskaraz irakurtzeko gogoa pizteko helburuarekin, Hostoz hosto egitasmoa abiatu zuten kurtso hasmentan Saran. Azken hilabeteetan ipuinak eta jokoak banatu dituzte herriko ikastetxeetan, eta ekimena borobiltzeko egun berezia izan zuten atzo.
Goizean, Pontx pailazoak eta Ttoni eta Genevieve herritarrek Zoazi munstro berde handia antzerkia egin zuten haurtzaindegiko eta haurtzainen haurrendako eta eskola publikoko ama eskolako eta lehen mailako haurrendako. 53 haur bildu ziren denetara lehenbiziko emanaldian. Ondotik Zoazi munstro berde handia eta Mailu zoparendako antzerki antzeztuak egin zituzten Ikastolako eta San Josepeko ama eskolako eta lehen mailako ikasleendako, 71 haur guztira. Arratsaldean, berriz, liburuen inguruko jokoak egin zituen Joanes Etxebeste herritarrak, Asier eta Nerea aktoreekin batera. 118 ikasle bildu zituzten arratsaldean.
Guztira, hiru hilabeteetatik 10 urtera arteko herriko haur guztiak bildu zituzten aretoan eta antolatzaileek balorazio positiboa egin dute: «biziki ongi joan da eta benetan ongi pasatu dugu. Orain ikusiko dugu haurrek euskaraz irakurtzeko gogoa ukanen duten!».