Zugarramurdiko frontoi berritua inauguratzeko Nafarroako irekiko lehen partida jokatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 31

Zugarramurdiko Azketa pilotalekua dotore gelditu da moldaketen ondotik eta Nafarroako Irekiko partida batekin estreinatu zuten larunbatean.

Zugarramurdiko frontoi berrituaren besta egin zuten martxoaren 28an. Larunbatean eguraldiak ez zuen lagundu, baina frontoiaren itxura berria eta dotorea ikusi ahal izan zuten herritarrek. Bertze partiden artean, Emakume Master Cup zirkuituko Nafarroako emakumeen txapelketa irekiari eman zitzaion hasiera. Partida polita eta ikusgarria izan zen, elite mailakoa eta Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Mirian Arrillagak osatutako bikoteak 22-8 irabazi zion Aizane Ibarrolari eta Nahia Bertiz sunbildarri, lehen kanporaketa gaindituz.

Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Arrillagak 22-8 irabazi zieten Ibarrolari eta Nahia Bertiz sunbildarrari Nafarroako txapelketako lehen partidan

Ibarrrola, Bertiz, Arrillaga eta Zabaleta Zugarramurdin. Urdinek 22-8 irabazi zuten.

Gaztetxoak ere aritu ziren aitzinetik. Nola ez, bazkarian 60 bat lagun elkartu ziren eta bazkalondoan, pilota gehiago: joko garbi txisteraz Senpereko pilotariekin eta esku pilotan, binaka, gizonezko profesionalak: Iker Salaberria goizuetarrak eta Gaskuek 22-18 irabazi zieten Muruari eta Gabirondori.

Gaztetxoek ere pilota partida jokatu zuten goizean.

Zugarramurdiko frontoi berrituko harmailek itxura ederra zuten larunbateko inaugurazio egunean.

 

Nafarroako Irekiko bigarren partidan galdu egin zuen Sagarduik

Biharamunean, igande eguerdian Elgoibarren jokatu zuten Nafarroako Irekiko bigarren kanporaketa. Elite mailako txapelketako norgehiagokan, Ruiz de Infantek eta Erasunek 22-16 irabazi zieten Alize Sagardui goizuetarrari eta Capellani.

Erasun, Ruiz de Infante, Capellan eta Alize Sagardui goizuetarra igandean Elgoibarren. Urdinek 22-16 irabazi zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun