Fermin Iriartek eman zuen martxoaren 15ean eta gehienentzat ezezagun ziren hainbat bitxikeria azaldu zituen
1873an Karlistaldiko berrietan ere agertzen da Zugarramurdi, Karlos erregegaia herrian sartu zenean herriko ezkilak joka eta Atxuritik kanoiak danbaka errezibitu baitzuten. 1856an Madrilgo egunkari batean sorginak, akelarreak eta lezeak aipatzen dira. Gai bera izan zuen aipagai Miguel Unamuno idazleak 1899an.
XX. mende hasieran, Ingalaterrako Eduardo VII.a erregeak Zugarramurdiko lezeetara etortzeko intentzioa erakutsi omen zuen, baina ezin etorri oraindik errepiderik ez zegoelako; ahatik, 1906an hasi ziren errepidea egiten. 1949an, berriz, Aita Donostia musikologoa herrian ibili zen kantu zaharrak biltzen.
XX. mende erditik aitzinera lezean egindako ekitaldi kulturalak dira aipagai: 1967an 200 lagunendako kontzertu bat eskaini zen; 1995an Donostiako Musika Hamabostaldiko emanaldi bat lezean egin zen; 2000 urtean Zintzarriak festibala; 2003an Fallaren El amor brujo dantzatu zuen Rafael Amargok; 2013an Christal Fighter taldearen kontzertua; 2016ean Kepa Junkerarena; 2022ean Maddiren trajeria pastorala…eta bertze hainbat eta hainbat.