Zangoak Arin elkarteko kideen margolanak ikusgai izan dituzte Saran

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 10a

Zangoak Arin elkarteko margolariak (13tik 10) Marie Jo Vivensang irakaslearekin.

Sarako Zangoak Arin elkarteko kideak ez dira korrika ibiltzen bakarrik, badira margoak egiten dituztenak ere. Hamahiru badira, baina argazkian hamar bakarrik ageri dira, Marie Jose Vivensang irakaslearekin. Horietatik bortz hasi ziren margotzen duela hiru urte eta geroztik, pittaka, 13ra emendatu dira. Erran behar da irakasleak ongi egiten duela bere lana, zeren margoak ez dira batere itsusiak. Aste hondar honetan, martxoaren zazpian eta zortzian egin dute beraien erakusketa Lur Berri gelan, eta 200 bat jende hurbildu da ikustera.

Berrehun bat jende hurbildu da Lur Berri gelara, Zangoak Arin elkarteko margolarien lanak behatzera.

 

Igandean, erakusketaren ondotik, hor zirenek izan zuten zintzur bustitzekoa, pintxo batzuekin. Lehenik, Pierre lehendakariak denak eskertu ditu, baita herriko etxea ere, horrelako gela ederra prestatzeagatik. Dena umore onean bukatu da eta heldu den urtean, bertze erakusketa bat eginen dute, agian margotzaile gehiagorekin.

Margolan ederrak egin dituzte, ageri denez. Argazkiak: Ganex

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun