Kobazuloen XVI. Eguna ospatuko dute datozen bi asteburuetan eskualdeko lezeetan ere

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 10a

Euskal Herriko zortzi leize elkartzen dituen Lurpea elkarteak Kobazuloen Egunaren hamaseigarren edizioa antolatu du.

Martxoaren 14ko eta 15eko asteburuan Urdazubin eta Zugarramurdin eginen dute eta martxoaren 21ean 22an Saran.

Kobazuloen Egunaren XVI. edizioa aurkeztu du Euskal Herri osoko zortzi leize elkartzen dituen Lurpea elkarteak martxoaren 9an Mendukilon. Aurtengo berrikuntza, hego Euskal Herrian (tartean Urdazubin eta Zugarramurdin) asteburu honetan, martxoaren 14an eta 15ean ospatuko dela eta ipar Euskal Herrian (tartean Saran), berriz, hurrengoan, martxoaren 21ean eta 22an. Aurkezpenean, Lurpea 2026 saria eman dio elkarteak Espeleofoto elkarteari, lurpeko munduaren dokumentazioan, zabalkundean eta argazkilaritzan espezializatua eta «gure leizeekin beti kooperazioan» aritzen delako.

 

2026ko Lurpea Saria Espeleofoto elkarteari eman diote.

 

Kobazuloen Eguna

Kobazuloen eguna Lurpea elkarteak bultzatzen du. Elkarte honek Gipuzkoako Arrikrutz eta Ekainberri, Isturitz-Oxozelhaya (Nafarroa Beherea) eta Sara (Lapurdi), Pozalagua (Bizkaia) eta Zugarramurdi, Urdazubi eta Mendukilo (Nafarroa) biltzen ditu.

Kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek zenbait ekintza antolatu dituzte. Kobazuloen egunean sarrerek %50eko deskontua izanen dute eta bisitariek zozketa batean parte hartuko dute: Arostegin Izarpe kanpinean dagoen Poods batean bi pertsonendako gau bateko egonaldia (gosaria barne) eta kobazulo parte-hartzaile guztietan sartzeko hamar bono eta produktu saski baten zozketa.

 

URDAZUBI

Bisita gidatu batek estalagmita eta estalaktitaz betetako mundu batean murgilduko zaitu, antzinako pertsonaia, kondaira eta kontrabandozko istorioz betetako mundu magiko batean alegia. Urdazubin aurten, bertze jarduera berezi bat eginen dute, Mitologia eta lekuko kondaira zaharrak bisita berezia.  Urdazubiko bisita gidaturako sarreren prezioko % 50en deskontuaz gain, ikuskizuna martxoaren 14ean izanen da, larunbatean. Ikaburuko lezean erreserbatu, info@cuevasurdax.com.

 

SARA

Lurpea sareko kobazuloekin batera, Sarako lezeek zozketa bat, deskontuak eta animazio bakarra eta doakoa eskainiko dute. Martxoaren 21 eta 22ko asteburuan, zozketan parte hartzeko aukera bisitari guztientzat (harreran banatutako txartelaren bidez). Martxoaren 22an, igandean 10:45ean, Jainkosaren belauna Maddi Zubeldiaren sorkuntza originala eskainiko dute euskaraz. Luonnotar jainkosaren eta arrano arrantzale baten arteko topaketa kontatzen du, munduaren sortzearen oinarrian. Kantuek eta poesiak lagundurik, gure Lurraren edertasun paregabea berrezagutzera gonbidatzen gaitu. Izen-ematea beharrezkoa da (leku mugatuak). Egun osoan bisita gidatuak izanen dituzte, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz, %50eko beherapena martxoaren 22ko bisitetan webgunetik erreserba eginez.

Kobazuloen Egun bereziaz gainera, urte osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Sarako lezeetan. Honela, apirilean, lezearen bisita bereziak eskainiko dituzte Pontx pailazoarekin, haur eta helduentzat. Ekainaren 6an, Lurpeko Munduaren Nazioarteko Egunaren harira, euskal leizeetako labar-artearen azken aurkikuntzei buruzko hitzaldia emanen dute, uztailean gauenaren nazioarteko gaua ospatuko dute eta urriaren 3an eta 4an Sarako leizearen besta.

 

ZUGARRAMURDI

Kobazuloen Eguna dela eta, Zugarramurdin ezohiko bisita batzuk proposatzen dituzte martxoaren 15ean Zugarramurdin, naturgunea gaur egun irisgarritasuna hobetzeko lanetan murgilduta baitago. Ordubeteko ibilbide lagunduan, espazio hau eraldatzeko martxan dagoen proiektua ezagutuko da, baita mendeetan zehar eman diren gertaera hidro-geologiko eta historiko nagusienak ere. Zugarramurdiko lezera sartzeko, aitzinetik erreserba egin eta dagokion baieztapena hartu beharko da. Informazio guztia www.turismozugarramurdi.com webgunean.

Gainera, Zugarramurdi egunkarietan: hiru mendeko historia Lezeen eta herri-bizitzaren inguruan hitzaldia eskainiko dute igandean 12:00tan Sorginen Museoko auditorioan, euskaraz eta gazteleraz.

XVIII. mendearen hasieratik, Fermin Iriartek Zugarramurdiko herria eta bertako leize ospetsuak denboran zehar kontatu, interpretatu eta gogoratu direla islatzen duten prentsa-ebakinak bildu ditu. Ehunka gertaera sozial, kultural eta egunerokoei buruzko testigantza inprimatuak, herriaren bilakaera eta hedabideek bere komunitateari buruz proiektatu duten ikuspegia berreraikitzeko aukera ematen dutenak.

Martxoaren 15ean, albiste eta kontakizun esanguratsuenen hautaketa aurkeztuko da, prentsaren bidez, leizeei eta memoria kolektiboari lotutako herri baten historia bizia ezagutzeko gonbidapena luzatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun