Martxoak 8

[ARGAZKIAK] Saran elkartu da Baztan-Bidasoko eta Xaretako mugimendu feminista

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 9a

'Bertze mundu bat feminismotik' lelopean egin zuten manifestazioa. Jende aunitz bildu zen. 

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Saran Baztan-Bidasoko eta Xaretako mugimendu feministak antolatutako manifestazioan. Bertze mundu bat feminismotik. Zapalkuntza sistemen aitzinean: antolakuntza eta borroka lelopean antolatu zuten protesta. Horrekin batera bigarren pankarta bat ere atera zuten Gure askatasuna alde gaur eta egunero leloa idatzia zuena.

16:30ean abiatu zen Suharriaga plazatik protesta trikitilarien doinuek lagunduta. Bidean hainbat aldarrikapen egin zituzten. Geldialdia egin zuten eta Malen Altzuart, Ekhiñe Zapiain, Haira Aizpurua eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak aritu ziren kantuan. 

Jende aunitz bildu zen atzo Saran egindako manifestazioan

Sarako plazan bukatu zen protesta, eta bertan irakurri zuten manifestua. Euskal Herriko mugimendu feministak karrikara ateratzeko arrazoiak «sobran dituztela» oroitarazi zuten. «Sistema zisheteropatriarkal kolonial kapitalista errotik irauli eta jendartea feminismotik eraiki nahi dugula aldarrikatzen dugu berriz ere». Duela bi aste Sarrigurenen eraildako Tatiana oroitu zuten eta babesa bidali zieten munduko hainbat txokotan «erresistentzian eta borrokan» ari diren emakumeei. 

«Noraeza, etsipena eta beldurra» gailentzen ari direla azaldu zuten, baina horren aitzinean ez direla «etxean, isilik eta paralizatuta» geldituko: «Zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu sistemak, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bertzera lurreratzen direnak. Desberdinkeriak areagotzen ari diren garaiotan, zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago». 

 

Oroitarazi zuten emazte edo disidentea izatea ez dela neutrala. «Euskal herriko landa eremuko emakume eta gorputz disidenteok gainera, badakigu zer den balio sozial apalagoa izatea. Herri jakintzaren eta nortasunaren gordailu da landa eremua, bizitza sostengarrien jakintzaren giltza duena, euskararen arnasgunea dena. Baina bizitza erdigunean jartzen duten ereduekin gertatzen den gisa, sistemak hau gutietsi eta logika kapitalistetan eta kolonialistetan ito nahi gaitu, desagerrarazi». 

Karrikara ateratzeko motiboak

Zer salatua dagoela oroitarazi zuten: «Berriz ere banderolak, kartelak, pankartak urratu dizkigute. Herriko besta eremuetan ezartzen ditugun babes gunean erre dizkigute. Begiradak, trufak eta irainak jasan ditugu. Mehatxu ekintza errepikakor koldarrak, baina oso errealak bizi ditugu. Plazan kantatu dugularik petarrak bota dizkigute. Gure proposamen eraldatzaileak gutietsi eta neurri antifeministak feministatzat saldu nahi izan dituzte. Feministegiak omen gara, feminaziak. Gauzak gaizki egin omen ditugu.  Abenduaren 31n kolpeak jaso zituenak ere, hitzez probokatu omen zuen. Nor engainatu nahi duzue? Zer gehiago eginen duzue zuek erasoak justifikatzeko. Zuen pribilegio eta botere egiturei eusteko? Zuen aliantza patriakarla betikotzen ahalegintzeko? Guzi honek helburu bakarra du, feminismoa ahuldu , oraindik batu ez diren feministak gure ekintzetatik urrundu eta botere egiturak betikotzea». 

Horren guziaren aitzinean, «bide beretik» segitzeko konpromisoa «berretsi» zuten: «Ez gara zuen diskurtso hutsalen sostengu bilakatuko. Ordenaren kontra desobedientzia aldarrikatuko dugu. Zapalkuntza sistemen aurrean antolatu eta borrokatuko gara». Aliantzak sortzeko deia ere egin zuten: «Askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik. Antolatzen jarraituko dugu gure herrietan, asanbladetan, lantokietan, ikastetxeetan gaztetxeetan... Aitzinean izanen gaituzue!».  

Manifestuaren ondotik Saran azken hilabeteetan feministen kontra egindako erasoei buruzko  bertsoak eta Zutik emakumeak abestia kantatu zituzten elkarrekin. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun