7,5 kilometrotatik hasi eta 85 kilometro bitarteko ibilbideak prestatu ditu SPUC Lasterka taldeak larunbatean eta 21 kilometroko Senpereko Trail lasterketaren hamalaugarren edizioa igandean
Larunbatean, 05:00etan abiatuta Tontorrez Tontor, 85 kilometroko lasterketa eginen dute, 5.000 metroko desnibelarekin; 08:00etan Gotorlekuen Itzulia (42 kilometro, 2.800 metroko desnibela); Joan den urtean lehen aldiz antolatutako Neska Eguna Trail antolatu dute aurten ere. 7 kilometro eta erdiko proba izanen da, 300 metroko desnibelarekin eta 09:30ean abiatuko da. 10:00etan Ibar Run Trail (11 kilometro, 480 metroko desnibelarekin).
Igandean, XIV Senpereko Trail, oinezko ibilaldia eta haurrendako lasterketak
Igandean, Senpereko Trail lasterketaren hamalaugarren edizioa, 21 kilometroko proba ezagunena eginen dute, 1.100 metroko desnibelarekin.
Oinezkoen ibilaldia ere eginen dute igandean. 07:00etatik 08:30era eman daiteke izena (5 euro). Santa Barbara, Suhalmendi eta bertze toki ederren gaindi eginen den 16 kilometroko ibilbide erditsuan hamaiketakoa eskainiko dute. Haurrendako lasterketa ere eginen dute igandean, 09:15ean Ibarrungo pilota plazan. Izena plazan berean eman daiteke igandean 08:45etik aitzinera. 2012 eta 2015 urteen artean sortutako neska-mutikoek 1,9 kilometroko lasterketa eginen dute eta 2016 eta 2019 urteen artean sortutakoek 1,1 kilometrokoa.