Inauteak 2026

Eguraldi kaxkarra ihauterietako koloreekin alaitu dute Urdazubin ere

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 16a

45 urtez Urdazubiko ihauteriak alaitu dituen Modesto Ordoki akordeoilariari animoak bidali dizkiote etxez etxeko eskean ibili diren gazteek.

Otsailaren 15etik 17rat ospatu dira aurten Urdazubiko ihauteriak. Urtero zita garrantzitsua izaten da urdazubiarrentzat, gogo biziz esperatzen baitira data hauek. Halere, egun horien aitzinetik, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskolako haurrek otsailaren 13an eskolako ihauteriak ospatu zituzten.

Gazteek auzoz auzo egindako eskean, gazteak animoak bidali zizkioten 45 urtez ihauteriak alaitu dituen Modesto Ordoki akordeoilariari

Denborak hasierako planak aldaraztea eragin zuen baina ez zen alaitasunik faltatu. Aurtengo gaia batukada izan zen eta ikasle guztiak bildurik, bi koreografia prestatu zituzten. Herriko frontoian bildu ziren ikasle eta irakasle guztiak eta lehenik herri kiroletan aritu ziren denak. Gero, guraso elkarteak eta udaletxeak antolatutako luntxa izan zen eta azkenik, gure herrietako artistek osatutako bi koreografien emanaldia izan zen.

Batukada izan dute gaia eskolako ihauterietan.

 

Modesto Ordoki gogoan

Eskolako ihauterien ondotik herriko gazte eta haurrak indarrak hartzen egon ziren larunbatean eta igandean, denborari aurre egin eta etxez etxeko eskeari ekin zioten. Musikak alaitu zuen zeru grisa eta gazte eta haurren kantua entzun zen auzoetako etxeetan. Astelehenean, otsailaren 16an, berriro ere etxez etxeko eskean ibili ziren gazte eta haurrak, denbora txarrak Urdazubiko ihauteriak zapuztuko ez dituela argi utziz. Azkenik, asteartean haurrak herrian eta gaztean Dantxarinean ibili ondoren, elkarrekin, ihauteriei bukaera eman zien. Gazteek, 45 urtez Urdazubiko ihauteriak alaitu dituen Modesto Ordoki akordeoilariari animoak bidali zizkioten. Urtero bezala, mila esker etxeko ateak ireki dituzuen herritar guztiei bertze behin herri ihauteri hauei bizitza emateagatik!

Haurrak ere ibili dira etxez etxeko eskean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun