Pintzelkada solteez osotasunean
Urdazubiko inauteriak hitzak aditu eta segituan burura «gauza aunitz» datozkiola erran du Arozarenak, inauterietako hiru egunak pintzelkada solteekin irudikatuko balitu bezala: «galtza zuriak eta blusa, baserritar jantzia, aulki dantza, arnoarekin egiten dugun eglu-eglua, Beñat Mitxelena akordeoilaria, euskal kantak, herritar konkretu batzuk, jateko ugari eta anis txupitoa, bertzeak bertze». Iragarri duenez, «herria anitz maite dut» eta «herri giroan egotea gustatzen zait»; oro har, inauterien gisako data markatuetan herritarren arteko hartu-emana falta izaten ez dela ere gaineratu du: «Urtean zehar herria nahiko lasai dago, baina data bereziak ailegatzerakoan herritarrak erraz elkartzen gara eta giro ederra izaten dugu».
Are gehiago, egutegian kolorez seinalaturiko daten artean, kolore deigarriena inauteriek hartu ohi dutela adierazi du Arozarenak, «urteko besta berezienak» direla iritzita: «Aitzineko egunetan urduri egoten naiz eta egunak ailegatzean aunitz disfrutatzen ditut. Urte guzian elkartzen ez garenekin elkartu eta denbora guztian irriz pasatzen dugu arno, kantu eta dantza artean».
Bi egunez herrian eta hirugarrena bentetan
Aipatu bezala, igandean hasiko dituzte inauteriak Urdazubin; hala, lehenbiziko bi egunetan jantzi tradizionalekin eskean ibiliko dira herriko auzo diferenteetan barna eta hirugarrenean, berriz, Dantxarineko bidea hartuko dute mozorro eta musika artean. Herriko etxaldetan barna ibiltzen diren egun horien bueltan zer nabarmendu badagoela ziurtatu du Arozarenak: «Etxez etxe eskean gabiltzanean giroa aski herrikoia izaten da, denak elkarrekin ibiltzen gara akordeoiaren laguntzaz».
Bide beretik, etxeko ateak irekitzen dizkieten herritar horietaz oroitzean eskerturik agertu da: «Etxea irekitzen digun jendeak duen eskuzabaltasuna eta pazientzia eskertzekoak dira, urte guzian ez dugu elkar ikusten eta aski polita izaten da etxekoekin solas eta irri artean egotea». Bidenabar, bere kasuan «etxekoekin solastatzea eta zirikan ibiltzea ikaragarri gustatzen zait».
Lehenbiziko bi egunetan herria goitik beheiti ibili ondotik, urteroko jauntzi tradizionalak berriz ere armairuan sartuko dituzte eta espresuki aurtengo prestaturiko mozorroei paso emanen diete Dantxarineko bidea hartuta. Eta Urdazubin bakoitzak bere mozorro propioa aukeratzen duen arren, denak abiapuntu beretik partitzen direla azaldu du Arozarenak. Elkarrekin eta aldi berean independenteki egiten dutela mozorroaren aukeraketa, alegia: «Normalean gazteok bilkura bat izaten dugu ihauteen inguruan, hor mozorro gaiarendako proposamenak mahai gaineratzen ditugu eta horien artean bozketa egiten dugu». Hala eta guztiz ere, «gai hori kontuan hartzea ez da derrigorrezkoa, bakoitzak nahi duenaz mozorrotu daiteke», gehitu du urdazubiarrak.
Jakina da ihauteriak disfrutatu ahal izateko horiek aitzinetik antolatu ere egin behar izaten direla. Arozarenak esplikatu duenez, Urdazubiren kasuan, «urtero 5 pertsonaz osaturiko gazte antolakuntza talde bat dago». Eta nahiz eta «horiek izaten diren antolatzeko ardura handiena hartzen dutenak», gainerako herritarrak –aurten bera barne- «laguntzeko prest» ere agertu ohi direla berretsi du.
Etorkizunera begira
Azkenik, aurtengoei begira, «ihauteak errespetuz tratatzea eta herri giroa mantentzea» gustatuko litzaiokeela esplikatu du Arozarenak eta etorkizun urrunago batera begira, «egungo ihaute giro hau gazteagoetan ez galtzea» espero duela gaineratu du. Halaber, hainbertze miresten duen herri giroa mantentzearren urdazubiarrei zuzendu da, «herriak bizi gehiago izan dezan, herritarrei herrian parte hartzea eta iniziatiba gehiago» izatea eskaturik.
