Inauteak 2026

«Herria berriz atzartzen da ihauteriekin»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 12a

Saratarrak joan den urtean barazkien eskean. Argazkia: Utzitakoa.

Bertze zenbait herritan bezala ihauteriak ate joka dituzte Sarako herrian ere. Hala, urteroko ohitura tradizionalei segida eman eta joan den urtean nerabeak poliki-poliki eskean murgildu daitezen, lehengaien xerka ibili eta eltzekaria prestatzeari ekinen diote bigarrenez. Claire Grillard saratarra ohitura berri horren eta gehiagoren bueltan kontu kontari ibili da.

Nor dugu Claire?

43 urteko Sarako emaztea, bi elkartetan inplikatua: Txinparta Kultur elkartea eta Zazpiak Bat dantza taldea.

Bereziki zer duzu maite?

Maite dut proiektuak kolektiboki aitzinera eramatea eta jendea harremantzea.

Zerk egiten du berezia Sarako herria?

Maite dut Sarako herrian ekimen anitz egiten direla eta maiz elkarteak lotzen direla elkarren artean.

Eta Sarako ihauterien berezitasuna?

Euskal Herri guzian bezala ihauteri garaia inportantea da, neguaren bukaera markatzen baitu. Neguko pausaren ondotik herria berriz atzartzen da.

«Larunbatean plaza inguruan diren auzoetan pasa ginen eta barazkiak bildu genituen, arratsaldean eltzekari bat prestatu genuen elkarrekin, eta igandean herritarrei eskeini genien salda»

Ihauterietako eske ohiturari buelta bat eman diozue...

Saran aspaldiko ohitura da eskea, Gaztetxeak bederen duela 25 urte antolatzen du auzoetan. Aldiz, joan den urtean bertze eske berri bat antolatu genuen: larunbatean plaza inguruan diren auzoetan pasa ginen eta barazkiak bildu genituen, arratsaldean eltzekari bat prestatu genuen elkarrekin, eta igandean herritarrei eskeini genien salda.

Zer dela eta?

Eskean ibiltzea aspaldiko ohitura da bai Euskal Herrian baita Europan ere, baina galdu zen. Gure kasuan zorionez Gaztetxeak tradizio hori berriz piztu zuen eta guk joan den urtean dinamika hori segituz eskerako bertze ibilaldi bat proposatu genuen. Hala, nerabeak inplikatu eta pixkanaka tradizio hori uler dezaten.

Herriak nola erantzun zuen?

Duela 3-4 urte inguru Axuri Arte elkarteko Arnaud Araguasek eltzekaria prestatzen duela, herritarrei parte hartzea proposatuz. Eta joan den urteko berrikuntza izan zen barazkien xerka joatea komertzio eta etxeetara. Zazpiak Bat taldeko dantzari gazteek ere parte hartu zuten eta herritarrak kontent ziren. 

Zein oroitzapen duzu?

Biziki ongi pasatu genuela.

Segida emanen diozue aurten ere, noiz?

Eskea otsailaren 14an eginen dugu eta biharamunean eltzekaria zerbitzatuko dugu plazan.

Aurtengoari begira zer nahiko zenuke?

Joan den urtean bezala segitzea.

Eta epe luzeagora?

Bertze nerabeek ere parte hartzea, ez bakarrik dantzariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun