Sarako agiantzek Battitte Laborde auzapezaren agurra ere ekarri dute

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 3a

Battite Laborde auzapeza eta Jean Michel Jauregi, diruzain axuanta, herriko hautetsiek oparitutako makilekin.

Urtarrilaren 30ean, ortzirale ilunabarrean, egin zituzten Sarako agiantzak Lur Berri gelan. 150 lagun bildu ziren. Battite Laborde auzapezak, bere hautetsiekin, denei ongietorria eman eta urte berri on opa zien. Elkarteak, herriko enplegatuak, eskolak, suhiltzaileak, Xareta, apezak eta bertze, denak eskertu, partikulazki elkarte guziak, horiek eramaki baitute herria aitzinera.

35 urtez haur eta helduen igeriketa irakasle izan den Pascal Lagouteren erretreta partida ere ohoratu dute

Battite Labordek aipatu zuen 18 urte eman dituela herriaren zerbitzari eta pena handiarekin uzten duela bere kargua, eskertuz herritar guziak eta, bistan da, bere hautetsi lagunak eta familia ere.

150 lagun bildu ziren Lur Berri gelan agiantzen berri ezagutzera.

Stephane Barneix, lehen axuantak, bere hautetsi lagunekin, makil bana ofreitu die Battiti eta Jean Michel Jauregi diruzain axuantari. Ondotik zintzur bustitzea izan zuten.

Pascal Lagoute, herriko kontseiluak eta enplegatuek emandako opariekin.

 

Pascal Lagouteren erretreta

Agiantzen eguna baliatu dute Pascal Lagouteren erretreta partida ohoratzeko ere. Pascalek 35 urte egin du lan haurrei kirolak eginez baita haur eta helduen igeri erakusle ere. Auzapezak eskerrak eman dizkio bere lanarengatik eta opariak eman. Idoiak ere oparia eman dio, herriko enplegatuen partez. Pascalek, bere aldetik, eskertu ditu herria eta bere laneko lagunak. Izugarri kontent dela, hor pasatu dituen urteetan ez duelakoz istripurik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun