«Haurrek ere kalitatezko literatura behar dute, ez dira zozoak»

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 1a

Argazkia: Gure Irratia.

Mirentxu IBARGARAI, Haria argitaletxearen sortzailea

Harpidetza bitartez, euskarazko haur literatura etxeetara eramateko Haria proiektua sortu zuen Ibargaraik 2023an. Iaz, berriz, argitaletxe bihurtu zuen.

Seaskako ikastoletan 20 urtez ibili da irakasle Mirentxu Ibargarai, eta azken urteotan, formakuntzan ari da. «Biziki» maite du euskarazko liburuen miatzen ibiltzea, eta hain zuzen, horri tiraka sortu zuen liburu harpidetzen bitartez, euskarazko haur literatura etxeetara eramateko Haria proiektua. Sarako bere etxetik aurkeztu dio Haria TTIPI-TTAPAri.

Harpidetzei esker, familiek, hilabetero edo bi hilabetero, Ibargaraik «arta handiz prestatu paketea» errezibitzen dute postontzian, barnean album ilustratu pertsonalizatua, burasoentzat dokumentua eta albuma aditzeko lotura dituela. Dioenez, «haurraren barne bizia kilikatzen duten liburuak» bereizten ditu eta «Euskal Herri osora» igortzen ditu. «Kontent» da egiten ari den ibilbidearekin. Baina 2023an abiatu abenturak bertze urrats bat ere eman zuen joan den urtean. Haria argitaletxe bihurtu zuen, eta geroztik, hiru liburu euskaratu eta lehen sorkuntza plazaratu ditu. «Haria garatzen» segitu nahi du. 

Zer da Haria proiektua?

Orain dela bi urte pasatxo abiatu proiektua da Haria, haurrentzat euskarazko liburu harpidetza sistema bat. Nik, hilabetero edo bi hilabetero, haurrari pakete bat igortzen diot bere izenean postontzira. Barnean, alde batetik, liburu bat sartzen dut, haurrarentzat sorpresa, nik hautatua. Gehienetan album ilustratuak dira. Hastapenetik pentsatu nuen ez nintzela liburu saltzaile bat izanen, bitartekari bat baizik. Eta hortakotz, liburuarekin batera, burasoei edo haurrekin diren helduei dokumentu bat igortzen diet: liburu hori zergatik hautatu dudan esplikatuz, laburpen bat eginez, eta haurrekin irakurketa egiteko ideia batzuk emanez. Bereziki Ipar Euskal Herrian, ikastoletan eta eskola elebidunetan diren haur frankok buraso erdaldunak dituzte, eta burasoentzat dokumentu hori euskaraz eta frantsesez igortzen dut. Baina horrekin batera, liburuaren testuaren audioa ere behar nuela erantsi pentsatu nuen. Hola, familia erdaldunek haurrarekin liburua hartu eta euskarazko istorioa aditzen ahal dute. Eta buraso euskaldunek ere erabiltzen ahal dute haurrei entzunarazteko: autoan eta...

«Ipar Euskal Herrian haurrentzat euskarazko liburuak saltzen dituzten liburu denda guti ditugu»

Zertako sortu zenuen Haria?

Ez dakit sobera ongi. Ideiak kolpez etortzen dira, eta ez dakit bertze gauza ainitzen pilaketa edo zerbaiten ondorioa izan zen. Kontua da ene haurrekin etxean ainitz irakurri dugula eta zinez plazer mementoak bizi izan ditugula. Eta aldi berean, irakaslea izanki, ikasleekin ere gauza bera bizitzen nuen. Nik album bat ozenki irakurtzen nuelarik, haurrak harrapatzen nituela eta euskaraz gozatzen zutela ikusten nuen, baita euskara maila apala zuten edo euskara bigarren hizkuntza zuten haurrek ere. Eta emozio hori euskaraz bizitzea inportantea iruditzen zait. Bertzalde, Ipar Euskal Herrian haurrentzat euskarazko liburuak saltzen dituzten liburu denda guti ditugu. Nihaurek ene haurrentzat liburu baten erosteko behar nuen 40 minutu ibili autoz. Eta liburu denda izanik ere, ainitzek ez dakite zer erosi. Hori da ene lana: Euskaraz argitaratzen dituzten liburuak irakurtzen ditut, guziak ez baina ainitz bai, eta horien artean hautua egiten dut. 

Nolako harrera izan du?

Hastapenetik biziki ongi abiatu zen eta behar bati erantzuten ziola ohartu nintzen. Bi urteren ondotik ohartu naiz jendeak proiektua ezagutzen duela, eta badela opari eder bat. Garatzen ari da. 

Liburuak hautatzeko zer irizpide erabiltzen dituzu?

Ezaugarri ainitzi erreparatzen diet. Hautatzen ditudan gehienak albumak dira, eta nolako edizioa den, eta testua eta irudia nola uztartuak diren begiratzen dut. Badira ilustratzaile zoragarriak Euskal Herrian, baina itzulpenetan ere baditugu ilustrazio ederrak. Testuaren kalitatea ere baitezpadakoa da. Gaiaren aldetik, berriz, literatura kutsua dutenak xerkatzen ditut, hitz edertasun hori duten liburuak, ez baitezpada beti errazak edo bukaerako morala dutenak, baizik eta hainbertze geruza dituztenak, burasoekin irakurri eta interpretazioetarako bidea ematen dutenak. Eta bistan da, jatorriz euskaraz idatziak direnak lehenesten ditut, baina kalitatezko itzulpen ainitz ere bada eta horiekin ere aritzen naiz. Adin tartearen araberako liburuak ere baditugu, badira 1-2 urtekoentzat, 3-6 urtekoentzat, 6-8 urtekoentzat eta 9-11 urtekoentzat. Euskal Herri osora igortzen ditut liburuak. 

Album pertsonalizatuak hautatu eta paketean igortzen ditu Ibargaraik.

Iaz Haria argitaletxe bihurtu zenuen. Salto handia izan zen?

Saltoa aski naturala izan zen. Nik Euskal Herriko argitaletxeen lana aitzinera eramaten segitu nahi dut, baina aldi berean, nik ere liburu batzuk argitaratzen ahal nituela pentsatu nuen, bereziki bi arrazoirengatik. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko euskara estandarrean liburu gehiago proposatu ahal izateko. Baina Euskal Herri osoan irakurtzen ahal diren liburuak argitaratu nahi ditut. Eta bertzetik, liburuak argitaratzen ditudalarik QR kodea ematen ahal dudalako audioa zuzenean emateko.

«Haurraren barne bizi hori kilikatzeko liburuak xerkatzen aritzen naiz»

Joan den urteko otsailetik hiru liburu euskaratu eta argitaratu dituzue: Maleta, Gezurra eta Gordegia, eta urrian lehen sorkuntza: Lotto

Bai, hori da. Haurraren barne bizi hori kilikatzeko liburuak xerkatzen aritzen naiz. Eta Maleta nire lehenbiziko hautua biziki argia izan zen. Liburu horretan animalia baten istorioa ageri da eta migranteen gaia aipatzen du. Ziburuko ikastolan irakasle nintzela, trenak migrante batzuk harrapatu zituen eta bi lagun hil ziren. Justuki  ikastola trenbidearen ondoan da eta biziki egun latza eta bortitza izan zen. Goizean goizetik jakin nuen berria eta pasatua zenarekin haurrei goiz hartan harrera nola eginen nien nuen buruan. Etxean nuen Maleta liburua hartuta abiatu nintzen ikastolara. Frantsesez zen, eta haren ondotik, euskaraz beharko lukeela existitu pentsatu nuen. Album ainitz badira eta zaila da hautatzea, baina holaxe egiten ditut hautuak, ene buruari «zer album nahi nuke euskaraz?» galdetuz. 

Itzulpen lanak zuk egiten dituzu?

Ez, ez. Lehenarena egin nuen, testu guti zuelako. Eta ondotik unibertsitateko irakasle bati zuzentzeko eskatu nion. Baina hortik goitikoak itzultzaileei eginarazi dizkiet. Bakoitzak bere lana. 

Lotto liburua hutsetik hasita argitaratu duzu. Zer kontatuko zeniguke liburuaz?

Gure lehen sorkuntza izan da. Lan handia egin dugu, baina emaitzarekin biziki kontent gara. Harrera ona ukan du, bai Ipar Euskal Herrian, bai Hego Euskal Herrian. Ttiki-ttikientzat euskaraz zuri-beltzeko albumak falta zirela aditzen nuen, eta aldi berean, ttikien eta poesiaren inguruko formazio bat egin nuen, eta ikasi nuen haurtxoak poesia aditzean erne egoten ahal direla eta estimulagarri dela hizkuntzaren bereganatzeko. Horrekin nintzen buruan. Alaba [Haira Aizpurua Ibargarai] bertsolaria da, eta berari aipatu nion, eta Ana Imaz lagun ilustratzaileari ere bai. Biak elkarrekin aritu dira lanean eta halako sehaska kanta bat sortu dute, gaueko animalien eta loaren inguruko album bat zuri-beltzean. Testua koplatan eskribitua da. Hortaz gain, hastapenetik pentsatu nuen hori kantatu ahal izatea, eta Maia Iribarneri igorri genion. Biziki gustatu zitzaion, eta Lottoren melodia sortu zuen. Maiak kantatuta, Paul Couvreur gitarristarekin, etxean grabatu genuen, sinpleki. Eta emaitza polita da. Haur ainitzek buruz ikasi dute. 

«Abentura bikaina izan da Lotto argitaratzea»

Zaila izan da liburu bat hutsetik argitaratzea?

Egia erran, abentura bikaina izan da, dena ongi joan da. Ez da ilustratzaile batek bidali proiektua izan eta nik antolatu argitaratzea. Ez, elkarlan bat izan da, eta hurrengoetan ere, hola lan egin nahi dut: ideia batetik abiatu, eta ilustrazioa eta testua elkarrekin eraman aitzinera. Biziki inportantea iruditzen zait eta uste dut agerian gelditzen dela emaitzan. 

Ibargarai 'Lotto' liburua eskuetan. Berarekin batera, Haira Aizpurua eta Ana Imaz.

Euskara maiz aipatzen ari zara. Zuretzat baitezpadakoa da?

Bai, bai. Ainitzetan erraten didate «Ze pena, zure liburuak ez dira bi hizkuntzetan». Nik hastapenetik argi izan dut euskara hutsean izanen zirela, baina bitartekaritza proposatuko nuela laguntzeko. Ez dut estatistikarik, baina badakit istorio bera haur bati bere lehen hizkuntzan kontatzen badiozu, eta ondotik, bigarren hizkuntzan, hurrengoan bere lehen hizkuntzan eskatuko duela. Normala da, hobeki sartzen zaiolako bere ama hizkuntza. Eta guk euskara ama hizkuntza ez duten horien baitan zerbait ukaitea nahi badugu, euskara hutsean ezagutu behar dituzte liburuak. Konparazione, Lottoren esperientzia euskaraz bizi izan dutela oroituko dira. Burasoren batek itzuli nahi badu, gaur egun hainbat tresna ditu eskura. Baina, ene ustez, haurrari ez zaio euskaraz den liburu bat frantsesez ere irakurri behar, bereziki bere lehen hizkuntza frantsesa baldin bada.

«Hastapenetik argi izan dut euskara hutsean ariko nintzela»

Nola ikusten duzu euskarazko haurren literatura?

Zinez osagarri onean ikusten dut. Aski da Durangoko Azokan haurrentzat zenbat liburu izaten den ikustea. Bada aniztasuna, bai gai aldetik, bai genero aldetik… Eta albumen kasuan, iruditzen zait euskal sortzaileak bertze herrialdeetako lanekin ere inspiratu direla, eta testuaren eta irudiaren uztartze horrekin jostatzen hasiak direla. Berez, album bat ezin da podcast batean aditu, album batean testuak bakarrik ez du istorio guzia kontatzen. Irudiak narrazioaren parte bat kontatzen du. Uztardura hori biziki interesgarria da eta euskaraz ere bada ekoizpen ederra.

Zer da kalitatezko literatura zuretzat?

Hasteko, erantzun edo jokabide bat nahi ez duen literatura da kalitatezkoa enetako, hezi nahi ez duen literatura. Haurrak ez dira zozotzat hartu behar, badute beren gogoeta eta ibilbidea egiteko gaitasuna, eta kalitatezko literatura eskaini behar zaie. Istorioak kontatu eta eurek eginen dituzte loturak eta interpretazioak. Haurrei gai sentsibleak eta bortitzak ere aipatu behar zaizkie. Suertea dugu literaturak filtro batetik kontatzen baititu istorio horiek, justuki haurra kolpatu gabe. Bertzalde, jendartearen aniztasuna ere islatu behar du literaturak. Eta gainerakoan, hitzen edertasuna ere hor dugu, literaturak alderdi estetiko hori badu. Ez dakit nork erraten zuen albumak ume ttikiak bisitatzen dituen lehen museoak direla, eta hala da. 

«Ez dakit nork erraten zuen albumak ume ttikiak bisitatzen dituen lehen museoak direla, eta hala da»

Etorkizunera begira zer helburu dituzu?

Bertze lan bat dut ondoan, formazioak ematen aritzen naiz, baina Haria garatzeko denbora nahi nuke. Harpidetza proiektua garatzen eta argitaletxean sorkuntzekin eta itzulpenekin segitu nahi nuke. Beharbada, sorkuntza bat edo bi etorriko dira heldu den urterako. Mementoko ez da aski aitzinatua, baina lehen lana haur ttikientzat egin genuenez, orain handiagoengan pentsatuz ari gara. Bitartekaritza lana ere garatu nahi nuke, irakasleekin formakuntzak eta burasoekin tailerrak eginez. Biziki interesgarria da burasoekin biltzea, horiek ere ainitzetan ez baitakite etxean euskarari nola egin tokia, eta etxean eta etxetik kanpo hizkuntza bat biziarazi nahi badugu, burasoak edo haurrekin diren helduak inportanteak dira. Bide horretan liburuak klabeak dira.

Haria argitaletxearen lanak

Maleta. Chris Naylor-Ballesterosen lana, Mirentxu Ibargaraik itzulia.

 

Gezurra. Catherine Grive eta Frédérique Bertranden lana, Nahia Zubeldiak itzulia.

 


Gordegia. Emma Adbageren lana, Joana Pocheluk itzulia. 

 

Lotto. Haira Aizpurua Ibargarai eta Ana Imazen lana. 

Iturria: Haria.eus

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun