Doinueleren urteko lehen plaza (H)ilbeltza izanen da aurten ere

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 22a

Doinuele osatzen duten azoketako ordezkariak asteazkenean Iruñeko LABA gunearen atarian, aurkezpenaren ondotik. Argazkia: Oihan Santesteban / ARGIA CC BY-SA

Doinuelek, euskara hutsezko plazen sareak, prentsaurrekoa eman du 2026ko azoka guztien berri emateko Iruñeko LABA gunean, «azokak janzten gaitu, azokek janzten gaituzte!» aldarrikatuz. Euskal Herriko azoka guztien artean egiten lehena Baztango (H)ibeltza da eta Ikusi Mikusi urrian eginen dute Saran.

Euskara hutsezko plazen sareak prentsaurrekoan eman du 2026ko azoka guztien berri Iruñeko LABA gunean

Nobela beltza, emakumeek idatzitakoak, haur, gazte eta helduentzat literatura: liburu berriak eta ez hain berriak, oparitzekoak, auto-oparitzekoak, bidaiatzekoak… Denetik izanen da aurten ere Euskal Herriko azoketan.

Azoken martxak etenik ez du, urte guztian, han ez bada hemen, izanen da azokaren bat. «Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun eta euskarak hain baitezpadakoak dituen arnas(g)uneak kolorez, doinuz eta elez jantzi eta apaindu ditzaten euskara hutsezko literaturak, musikak eta sorkuntzek, bertan bizitzea goxo eta atsegingarri gerta dakion euskalduna den orori», aipatu zuten aurkezpenean.

Duela hiru urte, 2023ko urtarrilean sortu zen Doinuele, «doinua eta elea, musika eta liburua, euskal kultura; hango eta hemengo, saretuta, sareak harrapatuta/bilduta, elkartuta gaude».

 

Egutegia

  • Honela, (H)ilbeltza urtarrilaren 19tik 25era egiten hasiak dira Baztanen, Euskal Nobela Beltzaren Astea.
  • Literatura Plazara martxoaren 9tik 22ra eginen dute Oiartzunen, haur eta gazte literaturrako altxorrak ezagutzeko azoka.
  • Geure Gelatik martxoaren 26tik 28ra eginen dute Azkoitian, emakumeek idatzitako liburuen azoka eta ekitaldiekin.
  • Literaturia maiatzaren 29tik 31ra eginen dute Zarautzen, literatura azoka eta ekitaldiekin.
  • Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka ekainaren 6an eginen dute.
  • Hernaniko (H)azoka urriaren 3an eginen dute.
  • Ikusi Mikusi urriaren 9an eta 10ean eginen dute Saran. Haur eta gazte literatura eta ekitaldiak izanen dira.
  • Hitzen Lihoa azaroaren 9tik 15era eginen dute Oiartzunen, Euskal Liburu eta Disko Azoka.
  • Urteko egitaraua borobiltzeko, abenduaren 11tik 13ra Euskal Liburu eta Disko Azoka eginen dute Lazkaon.


Dena den, Doinuele herri, azoka eta ekimen berriei zabalik dagoela ere azpimarratu dute, «euskara hutsezko plazen sarea gara eta ongi etorriak zarete euskarazko azoken lurraldera. Bidea elkarrekin egiteko, beso-zabalik hartuko zaituztegu!». Izan ere, Doinuelek dioenez, «azokak altxorrak dira, euskal kulturaren altxorrak, altxor magikoak: besteak beste, poza eta zoriona aurkituko ditugu azokan, azoketan, ametsetarako bideak…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun