Auzoz auzo eta etxez etxe abiatuko dira larunbat honetan Senpereko Zakuzaharrak elkarteko kideak, ihauteriak iragarri eta betiko giro alaia partekatuz beraien dantza, musika eta irriekin. Mundu eta negu goibel honetan, sentimendu baikor eta pozgarrien goaitan baitago jendea.
Urtarrilaren 24an, larunbat honetan, hasiko dute ateraldia Hergarai auzoan; urtarrilaren 31n Amotzera joanen dira; otsailaren 7an, berriz, Olhan eta Ibarrunen ibiliko dira, bururatzeko Urguri auzoan otsailaren 14an. Ihauteri egun berezia iragarria da otsailaren 21ean Karrika Nagusian. Ea harrera ona egiten zaien ihauterien animatzaileei.