Senpereko aintziraren eta herriko eraikinaren erabilpen hitzarmenari buruzko urratsak etetea eskatu dute Hats Berri taldeko hautetsiek

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 21a

Senopereko aintziraren eta herriko eraikinaren erabilpen hitzarmena geldiaraztea eskatu diote Hats Berri taldeko hautetsiek Bernard Elhorga auzapezari.

Senpereko Hats Berri udal taldeko hautetsiek aintziraren eta herriko eraikinaren erabilpen hitzarmenari buruzko urratsen eteteko eskaera egin diote Bernard Elhorga Senpereko auzapezari, gutun ireki baten bidez. Hats Berriko hautetsien gutunak dioenez, «herri aintzirako aktibitateen kudeaketari buruzko eskaintza deialdi berri baten berri jakin dugu, bere erabilpenari buruzko hitzarmen baten eta herri eraikin baten izenpetzeko enpresa pribatu batekin, hamar urtez».

Gutun irekia helarazi diote Bernard Elhorga auzapezari

Herriko hauteskundeetarako bi hilabete eskas direlarik heldu da ekimen hori. Testuinguru horretan, «gure kezka eta desadostasun bizia» adierazi nahi diote Hats Berriko hautetsiek, «herria eta bere eremu publikoa behar bezala engaiatzen dituen egitasmo honen segitzeari buruz, ez egoki eta behar bezain argituak ez diren baldintzetan. Engaiamendu hori, bere iraupenagatik eta finantza, ondare, gizarte eta elkarte ondorioengatik, erabaki egituratzaile garrantzitsua da herriarentzat».

«Gardetasun eta kontzertazio falta biziki problematikoa»

Hats Berriko Céline Mundutegi-Larramendi, Christine Perugorria, Peio Behastegi, Pascal Irubetagoiena eta Christophe Jauregik sinatutako gutunak dioenez, «gaur egun, hitzarmen hori ez da eztabaida sakon baten gaia izan herriko kontseiluan, ez eta aurkezpen xehe baten gaia ere, hautetsiek eta biztanleek jokoan diren gauza guziak ikus ditzaten».

«Gardentasun eta kontzertazio falta hori biziki problematikoa da», Hats Berriko hautetsien ustez. Funtsezko galdera ainitz erantzunik gabe direla uste dute, bertzeen artean, «egiazko kostua eta herriarentzat finantza-arriskuak; ukitua den auzoaren lasaitasun, bizi ingurumen eta orekari buruzko eraginak; proiektu hori bat etortzea interes orokorrarekin eta jabego publikoaren erabilera partekatuarekin; eta, bereziki kezkagarria, berrogei urte baino gehiagoz finkatua izan den kayak klubaren etorkizunari buruzko ondorio zuzenak, lurraldeko eragile historiko, kirolzale eta elkartezkoa, bere izatea bera ere kaltetua izaten ahal litzakeena hitzarmen honen bidez».

Hats Berriko hautetsiek erabaki azkar eta politikoki eztabaidagarria iruditzen zaie «herria hain aldi luze baterako engaiatzea, parte hartzen duten eragileekin aitzinetik adostu gabe, egiazko eztabaida publikorik gabe eta herriko bozei hain hurbil. Metodo horrek ez du deus ikustekorik tokiko funtzionamendu demokratikoaren erantzukizun, gardentasun eta errespetuaren eskakizunekin».

 

«Hitzarmena berehala gelditu eta martxoko bozketaren ondotik ateratzen den gehiengoak aztertzea»

Ondorioz, formalki galdegin dute hitzarmen honi dagozkion urrats guziak berehala gelditzea. «Ezinbestekoa iduritzen zaigu –dio gutunak– txosten hau gehiengoan izanen den taldeak aztertzea, 2026ko martxoko bozketaren ondotik, bakarra guziz legitimoa izanen dena herria iraunkorki engaiatzen duen erabaki baten hartzeko, azterketa oso, kontraesankor eta partekatu baten ondotik. Eskaera hori ez dagokio ez printzipioari ez jarrera ideologikoari uko egiteari, zorroztasun demokratikoa eta interes orokorraren errespetua eskatzeari baizik».

Erabaki egituratzaile oro gardentasun osoz hartu beharko dela uste dute, «baldintza lasaietan, eta beharrezko balorazio-elementu guziekin».

Gai honi buruz trukaketa publiko eta kontraesankor bat egiteko prest dira Hats Berriko hautetsiak, eta auzapezaren aldetik eskaera honi erantzun argi baten zain gelditzen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun