Zugarramurdi turismo inklusiboago baterantz doa prestakuntza espezializatuarekin eta FITURen eginen den aurkezpen batekin

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 20a

Joan den ortziralean Zugarramurdin egin zen prestakuntza saioa, 'Irisgarritasuna: pertsona guztientzako zerbitzua nola eskaini' izenburupean.

Zugarramurdik urrats sendoak ematen segitzen du turismo irisgarri eta inklusiboaren aldeko eredu baterantz. Estrategia horren baitan, joan den ortziralean, urtarrilaren 16an, Irisgarritasuna: pertsona guztientzako zerbitzua nola eskaini izeneko prestakuntza saioa egin zen Sorginen Museoan, eta ortzegun honetan, hilak 22, FITURen arlo horretan egindako aurrerapenak eta lan-ildoak aurkeztuko dituzte.

Joan den ortziraleko prestakuntza, izaera praktiko eta parte-hartzailea izan zuena, Sorginen Museoarekin eta Zugarramurdiko Lezearekin lotutako langileei zuzenduta egon zen; hala ere, ostatu eta ostalaritza sektoreko profesionalei ere ireki zitzaien. Saioan, Fundación Iddeaseko teknikari espezializatuek irisgarritasunaren eta desgaitasunaren kontzeptuak landu zituzten, denboran izan duten bilakaera aztertuz, eta zerbitzu inklusiboaren eskema zehatza aurkeztu zuten. Era berean, tratamendu- eta interakzio-profil desberdinak berrikusi ziren, aniztasunari arreta berezia eskainiz eta erabiltzaile guztiei zerbitzu egokia ematearen garrantzia azpimarratuz. Jardunaldiaren bigarren zatian kasu praktikoak landu ziren, benetako adibideen bidez, eguneroko jardunean zerbitzu irisgarriak aplikatzea errazteko helburuarekin.

 

FITURen aurkezpena ortzegunean

Prestakuntza ekintza hau guztientzako turismoaren aldeko estrategia zabalago baten barrenean dago, eta estrategia horren aurrerapenak publikoari aurkeztuko zaizkio ortzegun honetan FITURen. Ondarea irisgarritasunetik berriro pentsatzea: Zugarramurdiko eraldaketa inklusiboa izenburupean, Sorginen Museoko eta Zugarramurdiko Lezeko arduradunek tokiko eremutik egiten ari den lana azalduko dute, edozein pertsonak, bere gaitasunak edozein direla ere, bisita eremuetan modu eroso, autonomo eta seguruan elkarreragin ahal izan dezan. Aurkezpena 17:00etan izanen da Nafarroako standean, eta azken urtean bultzatutako ekintza nagusietan sakontzeko aukera emanen du. Ekintza horietako aunitz Next Generation EU funtsen laguntzari esker gauzatu ahal izan dira, funts horiek bultzada garrantzitsua eman baitute herrian irisgarritasuna eta inklusioa hobetzeko ekimenak martxan jartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun