Ihauterietako dantzen atelierrak eginen dituzte Saran datozen lau astelehenetan

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 15a

Ihauterietako dantzak ikasteko atelierrak izanen dituzte Saran datozen lau astelehenetan.

Sarako ihauterietako dantzak ikasteko atelierrak eginen dituzte urtarrilaren 19an eta 26an eta otsailaren 2an eta 9an, datozen lau astelehenetan 19:00etatik 21:00etara Sarako Lur Berri gelan, Sarako Herriko Etxeak antolaturik. Lehen orduan Zazpi Jauziak, Polka, Lantzeko zortzikoa, Marmutx eta Chapelloise ikasiko dute eta, bigarren orduan, Banako eta Makil Ttiki.

Denei irekitako ikastaroak urririk izanen dira. Izena emateko kultura@sare.fr helbide elektronikora idatzi edo 06 16 68 65 98 telefonora deitu (Jose Cazaubon, kultura teknikaria).

 

Ihauteriak otsailaren 14an eta 15ean

Ihauteriak otsailaren 14n eta 15ean ospatuko dituzte Saran, baina aitzinetik eta ondotik, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Astelehenetako dantza tailer irekiez gain, ikastetxeetan ere ari dira ihauterietako dantzen atelierrak egiten urtarrilaren 12tik otsailaren 6ra. Urtarrilaren 31n, larunbatean 10:30ean, Thierry Truffauten konferentzia izanen dute herriko etxean (frantsesez), janari bilketa eta partekatzea (etxez etxe) gaitzat hartuta. Otsailaren 9tik martxoaren 1era ihaute erakusketa izanen dute Sarako lezeetan. Parte hartu nahi duen oro ongi etorria da (kultura@sare.fr edo 06 16 68 65 98).

Otsailaren 14a, larunbata, eske eguna izanen da eta etxez etxe ibiliko dira Etxola gaztetxekoak eta plazako barazki eskea eginen dute Txinparta eta Zazpiak Bat elkartea. Goizez, 10:30ean, irakurketak izanen dituzte Mediatekan.

Otsailaren 15ean, igandean, 11:00etan ihauteri izanen da plazan: dantzak, zanpantzar, salda…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun