Bi final aitzineko eta finala. Horixe bakarrik du falta Xilaba bertso txapelketak bukatzeko. Larunbat honetan izanen dute hiru horien artean lehen saioa, final aitzinekoa Baigorrin.
Sei bertsolari ariko dira bertan kantuan: Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua saratarra, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Mizel Mateo eta Nahia Sasco. Baigorriko saioko garailea zuzenean sailkatuko da urtarrilaren 31ko finalera.
Saioa Plaza xokon izanen da 17:00etan eta sartzeak bertsosarrerak.eus loturan eskuratu daitezke. Sartzeak ez badira aitzinetik bukatuak, egunean berean 16:00etatik aitzina aukera izanen da lekuan berean erosteko.
Heldu den astean Bardozen
Bigarren final aitzinekoa Bardozen izanen da, urtarrilaren 17an, eta bertan Aitor Servier, Irantzu Idoate, Karlos Aizpurua saratarra, Maddi Ane Txoperena, Patxi Iriarte eta Ramuntxo Christy ariko dira. Bertako irabazlea ere zuzenean sailkatuko da finalera. Bi saioetako irabazleez gain, puntuazio altuena lortzen duten bertze lau bertsolariek lortuko dute finalerako txartela.