Urdazubi eta Ainhoa herrien arteko saneamendu sarea nola hobetu aztertuko du Uramuga proiektuak

Ttipi-Ttapa 2026ko urtarrilaren 5a

Uramuga proiektuan parte hartzen duten udal eta erakundeetako ordezkariak.

Europar Batasunaren POCTEFA 2021-2027 programak finantzatzen duen Uramuga proiektua azken fasean sartu da, bi azterketa teknikorekin, eta zortzi hilabetean bukatuko da. Lehenengoak Urdazubiko Dantxarinea auzoak eta Ainhoak partekatzen duten saneamendu sarea nola hobetu aztertuko du, eta bigarrenak, berriz, mugaren bi aldeetan edateko ura banatzeko interkonexioak aztertuko ditu.

Horretaz gain, mugaren bi aldeetan edateko ura banatzeko interkonexioak ere aztertuko ditu

Proiektu hori 2024ko urtarrilean hasi zen, eta 2026ko abenduan bukatuko da. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikia dagoen NILSA sozietate publikoa du buru, eta 3,62 milioi euroko aurrekontua du; Europar Batasunak % 65 finantzatzen du (2,35 milioi euro). NILSA erakundeaz gain, Nafarroako bazkide dira Bera, Lesaka, Baztan, Urdazubi eta Luzaideko udalak, Akitania Berriko Communauté d’Agglomération du Pays Basque eta Gipuzkoako Txingudiko Zerbitzuak erakundeekin batera.

Mugako saneamendu partekatuko sarea hobetzeko aukerak

Uramugak mugaz haraindiko eremuetan uraren ziklo integralaren kudeaketa partekatua hobetzeko helburua betetzeko, NILSAk ‘Dantxarineko mugako saneamendu partekatuko sarea hobetzeko aukerak’ izeneko azterlana hasi du orain. Azterlan horren helburua da arazo hidraulikoak eta ingurumen arazoak konpontzea, hala nola eurite gogorretan Urdazuri errekak gainezka egitea. Communauté d’Agglomération Pays Basqueren eta Urdazubiko Udalaren laguntzarekin, egungo saneamendu sarearen eta Ainhoa-Dantxaria araztegiaren modelizazioak (instalazioen erreplikak, azterketa teorikoa egiteko) egitea aurreikusi dute, hobekuntza egoerak eta aukerak ebaluatzeko. Horiek guztiak proiektu tekniko batean bilduko dituzte.

Communauté d’Agglomération du Pays Basquek, bere aldetik, abian jarriko du bi eskualdeen arteko edateko uraren hornidura sarerako egon daitezkeen interkonexioei buruzko azterlana. Behar hori 2022ko lehortearen ondoren identifikatu zen, eta, aitzinetik, segurtasun hidrikoari buruzko azterketa bat egin zen, 2040rako. Azterketa horretan, klima aldaketaren testuinguruan dagoen ur eskasia azpimarratzen da.

Azterketa honek barne hartuko dituen sareen arteko konexio puntuak Biriatu, Hendaia, Urruña, Irun, Sara, Bera, Zugarramurdi, Arnegi eta Luzaide herriak dira, eta horietako batzuek konektibitate puntu bat baino gehiago dute gainerakoekin. Lanean ari diren bitartean, etengabe harremanetan egonen dira udalekin, parte har dezaten, eta datu teknikoak ebaluatuko dituzte: altuerak, hodien diametroak, hodien edukiera, sareen eta deposituen egoera, eta egungo sistemaren mugak.

Emaitzek bideragarritasuna baieztatzen badute, Frantziak obrak hasiko ditu elkarri laguntzeko sistema bat gaitzeko, haustura, akats edo lehorteen kasuan mugaren bi aldeetako hornidura bermatzeko gai izanen dena.

Bi urteko ibilbidea Arizkunen abiatuta

Uramugaren bi urteko ibilbidean, Arizkunen eta bertze hainbat tokitan ere egin dira emanaldiak, Baztango Udalaren laguntza osoarekin: iturburutik herriraino ur hodia aldatu zen, fibrozementuz egina zegoelako eta ur ihes ugari zituelako. Berria polietilenozkoa da, eta kontagailu digitalak ere baditu. Aurreikuspenen arabera, kontagailu horiek udalerri bereko bertze sare batzuetan instalatuko dituzte, ihesak detektatzeko eta kontsumoak zenbatzeko, kontrola eraginkorragoa eta berehalakoagoa izan dadin.

Uraren zikloaren digitalizazioa da Europar Batasun osoko hurrengo urteetako bertze erronka handietako bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun