«Bertako ospakizunetan parte hartuta ezagutzen da benetan herri bat»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 26a

Hide Dohino, Zugarramurdi maite duen japoniarra.

Hide DOHINO, Zugarramurdi maite duen japoniarra.

Hamar mila kilometro baino gehiagoko distantzia dago Japonia eta Euskal Herriaren artean. Badira, ordea, ustekabean sortu eta distantziak hautsi ezin dituen loturak: «Japonian nago orain, baina urtean bizpahiru aldiz Euskal Herrirat joaten naiz ikerketan aritzera eta ahal dudan guztietan joaten naiz Zugarramurdirat bisitan».

Duela hogeita hamaika urte, Yokohaman (Japonian) sortu zen Hide Dohino eta historia eta antropologia ikasteko Madrilen urtebetez eta Oñatin bi urtez bizi izan zen. Hain juxtu, Oñatiko ostatu batean lanean ari zela suertatu zitzaion Zugarramurdi hobeki ezagutzeko aukera: «Zugarramurdiko herritar bat etorri zen lan egiten nuen ostaturat eta euskaraz hain ongi solastatzen nintzela ikustean harrituta gelditu zen. Solasaldia luzatu zen, Zugarramurdirat gonbidatu eta hortxe hasi zen Zugarramurdirekin harremana».

Lehendik ere egona zen Zugarramurdin, baina «bertze turista aunitz bezala pasa» omen zen herritik, «gehiago sakondu gabe». Dena den, deigarria iruditu zitzaion lehenbiziko aldi hartan ere Japonian ohikoa ez den errealitate bat: «Mugak harritu ninduen. Japonia uhartea denez, ez da eguneroko bizitzan muga sentitzen». Ikerlari senak mugituta mugak zenbaiterainoko eragina zuen ikusi nahi izan zuen: «Zugarramurdiko herritarrek auzoko herritarrekin duten harremana zein den ikertu nahi izan nuen. Berezia da ikustea muga hor egon arren, natura eta kultura ezin direla banatu muga administratibo, politiko eta artifizial horrekin». 

Herria benetan ezagutuz

Gerora, herria eta herritarrak sakonago ezagutzeko aukera izan du: «ospakizunetan parte hartuaz, Zugarramurdi ongi ezagutzeko aukera izan dut». Argi dio: «egun normal batean joanez gero, ez duzu herria ezagutuko. Bertako ospakizunetan parte hartuaz ezagutzen da benetan herri bat. Besta giro hori aukera polita da jendea ezagutzeko». Aitortu du hasieran bertakoak eta bisitariak bereizteko lanak izan zituela: «hasieran ez nekien zeintzuk ziren bertakoak, eta zein ez», baina ibilian ibiliz, ezezagunak ezagun bihurtzea lortu zuen. Horren erakusle da Zugarramurdiri buruz galdetzean, osatu duen zerrenda: «gustuko leku bat aipatu beharko banu, Anttonen Benta! Eta, nola ez, maite dut Palaxioan adin guztietako jendearekin elkartzea! Baita inauteriak eta herriko bestak ere, eskean ibiltzea eta zikiro jana!». 

«Saiatzen naiz bertako hitzak eta doinua kopiatzen»

Euskara

Euskara ere altxor preziatua da beretzat: «bertako euskara entzutea da Zugarramurdirat joandakoan gehien maite dudan gauzetako bat». Entzun eta solastatu: «hango lagunak Zugarramurdiko eta Urdazubiko euskalkiari buruzko liburua oparitu zidanez, saiatzen naiz bertako hitzak eta doinua kopiatzen». Euskal Herrira etortzean, argi izan zuen euskara ikasi nahi zuela: «Zergatik ez dut ikasiko bada? Gauza berriak ikastea ederra da. Leku berri batera joanez gero, bertako jendearekin egon eta bertakoengandik ikastea garrantzitsua iruditzen zait».  

«Garrantzitsua iruditzen zait bertakoengandik ikastea»

Toki bakar batean, hiru hizkuntza entzuteko aukera izatea ere bitxia da beretzat: «Japonian herrialde bakoitzean hizkuntza bakar bat bakarrik hitz egiten denaren ideia barneatuta duelako jende aunitzek. Ulertu gabe ere ongi naiz hemen. Bertako musika entzun eta ez naiz aspertzen». 

Urte zahar eta berria 

Europako egutegi berbera dute Japonian ere eta urte zaharra eta berria ospatzeko hainbat erritu dituzte: «Osoji deituriko garbiketa sakona egiten dugu eta apaingarri bereziak ere jartzen ditugu: kadomatsu, shimenawa eta kagamimochi». Urteko lehenengo egunean, berriz, jende asko joaten omen da egunsentia ikustera eta gero tenplu edo santutegi batera: «Bertan pasa den urtekoa eskertu eta urte berri ona ekartzeko eskatzen dugu».

Ez dakigu urtarrilaren 1ean Zugarramurdiko lagunei bidaliko dien mezuan akemashite omedeto gozaimasu edo urte berri on idatziko ote duen. Bertsotan hasiko da, akaso. Ez litzateke lehenbiziko aldia izanen, ezta azkenekoa ere. Bertsotarako laguna falta du, ordea, «bitxia da Zugarramurdin bertsolaririk ez izatea». Eta hala, hordagoa luzatuz idatzi die bertsoa: «Kantatuko dut sentitu izana, ni joan nintzenean harat/bertsolaritza gazteen artean, nonbait dago modatik at/ kantatzerat ez da animatzen inor, ez Ganix, ez Xabat/manifarako lelo berria, herri bat, bertsolari bat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun