‘Zugarramurdi 1610’ liburua aurkeztu dute Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 16a

Argitxu Agerre alkatea, Joseba Urretabizkaia argazkilaria, Ainhoa Aguirre museoko zuzendaria eta Fernando Hualde idazlea, Sorginen Museoaren atarian.

Zugarramurdiko Museoa izan zen Zugarramurdi 1610 liburuaren aurkezpenaren eszenatokia. Mimoz egindako lana da, Joseba Urretabizkiaren argazkiak eta Fernando Hualde idazlearen testua kuztartzen dituena, herriaren memoria historikoan sakontzeko.

 

Ekitaldia Argitxu Agerre Zugarramurdiko alkateak ireki zuen, eta eskerrak eman zizkien Joseba Urretabizkaia argazkilariari eta Fernando Hualde idazleari liburua egiten paratutako arduragatik. Bere solasaldian bereziki nabarmendu zuen Zugarramurdiko bizilagunen parte-hartzea, haiek baitira argitalpena osatzen duten irudien benetako protagonistak, baita liburuak bere irakurleei Zugarramurdiko euskara propioa eskain diezaien egindako itzulpen lan handia ere.

Argitxu Agerre alkatea eta liburuaren egileak aurkezpenean.

Ondotik, Joseba Urretabizkaia argazkilari eta Xibarit argitaletxeko ordezkariak solas egin zuen, kalitate handiko material grafikoa biltzen duen lana azaltzeko eta inprimatzeko prozesuaren xehetasunak argitzeko. Durangoko Azokaren azken edizioan harrera bikaina izan duten zuri-beltzeko irudien eta formatu zainduaren balioa ere azpimarratu zituen. Era berean, eskerrak eman zituen bai museoak baita lezeak ere erreportaje fotografikoa egiteko emandako erraztasunengatik, baita zugarramurdiarrek proposatutako jantzi eta kokapenetan argazkiak ateratzeko izan zuten prestasunagatik ere.

Jendetza bildu zen aurkezpenean.

Azkenik, Fernando Hualdek hartu zuen hitza proiektuaren sorrera testuinguruan kokatzeko eta XVII. mendearen hasieran Zugarramurdin, Nafarroako iparraldean eta Lapurdin gertatutakoei buruzko mintzaldia emateko. Bertaratutakoek arreta handiz entzun zuten kontakizun hau, ezaguna izan arren, tokiko historiari buruzko ezagutza zabaltzen duten datu berriak eman baitzituen, oraindik ere harrigarriak diruditen xehetasunekin.

 

Sorginen Museoaren hastapenak

Bereziki hunkigarria izan zen bere solasaldiaren zati bat, Sorginen Museoaren hastapenarekin izan zuen loturan oinarritua. Hualdek kultur ekipamendu horren lehen urratsak ekarri zituen gogora, eta Jesus Agerre orduko alkatearekin, Ainhoa Aguirre zuzendariarekin, Koro Irazokirekin eta zugarramurdiarrekin elkarlanean aritu zeneko oroitzapenak partekatu zituen. Izan ere, zugarramurdiarrek hasieratik sentitu zuten Museoa bertako ondare immaterial baliotsua babesteko gune gisa eta baita topaleku gisa ere. Ausardia, zorroztasuna, pertseberantzia eta motibazioa nabarmendu zituen hasierako etapa hura posible egin zuten ezaugarrien artean. Bere solasek oroitzapen ugari ekarri zituzten gogora, erraterako, Fitur 2008an lehen Akelarrea antzeztu zenekoa.

Hitzaldien eta galderen txanda labur baten ondotik, liburuaren aleak salgai jarri zituzten eta aperitifa eskaini zen bertaratutakoen arteko elkarrizketak giro hurbil eta parte-hartzailean luzatzeko.

Liburuaren azala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun