Hezkuntza eta enplegu helburuak bete eta Dantxarineko Tomasenea baserria birgaitu du Baserriberri egitasmoak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 12a

Ate irekien jardunaldia antolatu zuten abenduaren 11n Urdazubin, Baserriberri proiektuaren emaitzak lehen eskutik ezagutzeko. Egitasmo hau Peio Martikorena Fundazioak bultzatu eta Europako Batasunak %65ean kofinantzatu du Interreg Programaren bidez.

2024ko irailetik 2025eko uztaila bitartean Nafarroa, EAE eta Akitania Berriko bederatzi langabek zurgintza tradizionalaren inguruko prestakuntza jaso dute, eta lehenbizikoz Frantziako eta Espainiako estatuetan aitortza duen titulu profesionala eskuratu dute. Gainera, ikasleetako hiru proiektuarekin lotutako enpresetan hasi dira lanean, eta bertze bi norbere kontura ari dira dagoeneko. Proiektuak ondare ukigarria ere utzi du: erabat berritutako baserri bat Dantxarinean.

Proiektuaren koordinatzaile Amaia Rekartek azaldu zituen ekimenaren xehetasunak Menta prestakuntza gunean. Ikasgela tailerra eta ostatua eskaini dizkie gune horrek bederatzi ikasleei Dantxarinean. Aurkezpenaren ondotik, parte hartzaileek zaharberritutako Tomasenea baserria bisitatu zuten, ikasleek ikasitako egur lanketa teknikek landa eraikin tradizionalak berreskuratzeko dituzten erabilpenak bertatik bertara ikusteko.

Rekartek nabarmendu zuenez, mugaz gaindiko proiektu honen ondorioz, formakuntza osatu duten bederatzi ikasleek «ziurtagiri profesionala lortu dute, Frantzian zein Espainian aitortua, eta edukietako batzuk dagoeneko hautazko irakasgai gisa eskaintzen dira prestakuntza zentroetan. Hezkuntza mailako mugarri garrantzitsua da, izan ere, egurrezko artisautza ez zen Euskal Herriko hezkuntza sistemetako prestakuntzan irakasten. Baserriberri proiekturako bereziki diseinatutako prestakuntza paregabe honekin, ikasleek lurralde guztietan baliozkoak diren ziurtagiriak lortzeko aukera dute».

1.778.447 euroko aurrekontua

1.778.447 euroko aurrekontua duen proiektua % 65ean kofinantzatu du Europar Batasunak Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021–2027) Programaren bidez. Peio Martikorena Fundazioak, proiektu burua den aldetik, koordinazio lanak hartu ditu bere gain, eta Tomasenea baserria eta Menta eraikina paratu ditu egitasmoaren zerbitzura. Bertzalde, formakuntza eta birlaneratze programa hainbat prestakuntza zentrok eta garapen eta enplegu agentziek elkarrekin gidatu dute.

Hezkuntzaren arloan ondoko zentroek parte hartu dute: Les Compagnons d’Anglet; CIFP Bidasoa LHII (Irun) eta Easo Politeknikoa (Donostia), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babespean; eta CIFP San Juan–Donibane (Iruñea), Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpe. Enpleguaren arloan, elkarrekin egin dute lan Oarsoaldea Garapen Agentziak, Akitania Berriko Mission Locale Pays Basque-k eta Nafar Lansareko Doneztebeko agentziak.

Mugaz harago doan formakuntza eta laneratze programa

«Baserriberri aparteko emaitzak izan dituen proiektua da. Mugaz harago doan formakuntza eta laneratze programa ziurtatua gauzatu da, egurrezko egitura arotzerian kalitate handiko prestakuntza eskainiz. Gainera, hiru hizkuntzatan egin da, eduki tekniko eta teorikoak laneratzerako babes pertsonalizatuarekin uztartuz, guztia landa ingurunean», azpimarratu zuen Rekartek.

Proiektuak ondare ukigarria utzi du, hala nola ikasgela tailerra eta berritutako baserria, baita ondare ukiezina ere, prestakuntza programa berri baten bidez. Bitarte honetan, prestakuntza zentroetako irakasleek zurgintzako eduki teknikoak euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz bildu dituen programa sortu dute. Ikasleek, gainera, egurraren erauzketa, ustiapen eta eraldaketaren balio katea ulertzeko jarduera pedagogikoak egin dituzte, mintegi teknikoetan parte hartu dute eta zeharkako gaitasun profesionalak eskuratu dituzte tailer kolektiboen bidez.

Proiektuaren emaitzarik ikusgarriena, «ikasleek ikasitakoa ukitu eta ikusteko aukera eskaintzen duen lekua da», Tomasenea, hain zuzen. Bere teilatu berrituak atzo bisitariei babesa eman zien. Baserri honetan, eskuratutako ezagutzak praktikan jarri dituzte ikasleek, eta 1.400 ordu baino gehiago eskaini dituzte neurketak egin, egurrezko estaldura eta zola paratu, egiturak muntatu eta zurgintzako eta estaldurako lanak egiteko. Guztia ekonomia zirkularraren ikuspegiarekin burutu da, erabilitako egurraren % 50 baino gehiago berrerabilia baitzen.

«Ikasleek egurra eraikuntza material gisa maitatzen ikasi dute»

Les Compagnons zentroko Iban de la Fuente irakaslearen hitzetan, «prestakuntza honekin egur berriarekin zein zaharrarekin nola lan egiten den irakasten saiatu gara. Baina ofizio hau ez da urte batean ikasten; denbora behar da. Ikasleek egurra eraikuntza-material gisa maitatzen ikasi dutela da garrantzitsuena».

Proiektuan parte hartu duen ikasleetako bat da Argia Aramendia. Bere hitzetan, «Baserriberrin bizitako esperientzia aberasgarria izan da. Elkarbizitzaren ikuspegitik, taldean lan egiten ikasteko lagundu digu. Ikasketei dagokienez, praktika eta teoria uztartzea emankorra izan da, eginez ikasi baitugu. Gainera, eskala handian egin dugu, baserri oso bat berreskuratuz».

Baserriberriren hiru ardatz nagusiak —formazioa, enplegua eta Tomasenea baserriaren berritzea— bete egin diren arren, arduradunek nabarmendu zuten proiektua ez dela hemen bukatzen. Batetik, zurgintzako teknikei buruzko material didaktiko eleanitza sortu da, aurrez ez zegoena. Errate baterako, euskara, gaztelania eta frantsesez egur lanketa teknikako hiztegi berezi bat prestatu da. Berritutako baserriak, gainera, bizia hartuko du proiektuan parte hartu duten lurralde guztien arteko topagune gisa, etorkizunean hainbat jarduera ospatu ahal izanen diren mugaz gaindiko espazio ireki bihurtuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun