‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala ikusgai izanen dute abenduaren 12an Saran

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 11

Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala proiektatuko dute ortziralean Sarako Lurberri gelan.

Sarako hamar elkarte elkartu dira kultura, memoria eta migrazio ibilbideen inguruko lekukotasunak erdigunean jarriko dituen egitaraua antolatzeko, Sarako herriko kontseiluaren laguntzarekin. Proiektua euskarazko Miñan antzezlanaren azken emanaldia Sarara ekartzeko proposamenetik sortu zen. Mugaz gaindi zikloa abenduaren 5ean abiatu zen, Amets Arzallusen solasaldiarekin. Abenduaren 12an, ortziralean 19:00etan Lurberri gelan, Fermin Muguruzak egin Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko da.

Ortziralean 19:00etan proiektatuko dute Fermin Muguruzak egin ikus-entzunekoa Lurberri gelan, Mugaz Gaindi zikloaren baitan

2018ko udan Frantziak ezarritako kontrolen eta Bidasoako pasabide batzuen itxieraren ondorioak azaltzen ditu filmak; neurri horiek hamarnaka pertsonaren heriotza eragin zuten urte bakar batean. Eztabaida izanen da proiekzioaren ondotik.

Abenduaren 28an Miñan antzezlana

Zikloa burutzeko, abenduaren 28an, larunbatean, 10:00etatik aurrera, mediatekako animatzaileek bereziki hautatutako liburuan irakurketa saioak eskainiko dituzte mediatekan eta kiroldegian. Arratsaldean, ekitaldi nagusia, 17:00etan, Miñan antzezlanaren azken emanaldia izanen dute herriko gelan. Sarrerak 13 eurotan salgai daude Interneten.

Amets Arzallusen liburuan oinarritutako antzezlanean, egileak Ibrahima Baldé gazte Ginearraren benetako istorioa kontatzen du; Irunen ezagutu zuen, eta bere anaia txikia aurkitzeko Afrikan barna egindako odisea kondatzen du. Antzezlana Euskal Herri osoan zehar ibilia da, baita hilabete batez Londresen ere. Ohore handia da bira Saran bukatzea, historian zehar Sara askotan harrera herria izan baita.

Ekitaldi hauek, herriko elkarteen lankidetzarekin eta Herriko etxearen laguntzarekin antolatuak, elkarrizketa, kultura eta elkartasuna sustatzeko gune bat irekitzea dute xede, «gure inguruko errealitateei buruzko gogoeta partekatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun