Zugarramurdiko lezearen irisgarritasuna hobetzeko lanak esleitu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 3a

Zugarramurdiko lezeak mundu guztiarendako irisgarriagoa izateko lanak eginen dituzte datozen hilabeteetan.

Zugarramurdiko Udalak Zugarramurdiko leizea: irisgarritasuna hobetzea proiektuaren lanak esleitu ditu. Esku-hartze integral horren helburua da enklabe karstiko enblematikoa bisitatzeko ibilbidea mundu guztiarendako irisgarria izateko egungo irizpideetara egokitzea. Lanak Centro de Ocio y Escalada enpresari esleitu zaizkio, eta 474.166,48 euroko aurrekontua dute (BEZa kanpo), hau da, 573.741,44 eurokoa, dagokion zerga aplikatu ondotik.

Centro de Ocio y Escalada enpresak egunen ditu 573.741,44 euroren (BEZ barne) eta urtarrilean itxi egin beharko dute lezea

Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barreneko ACD Navarra Circular, Inclusiva y Resiliente programaren parte da jarduera. Proiektua Nafarroako Gobernuak, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren bitartez, eta Zugarramurdiko Udalak sinatutako hitzarmenaren arabera gauzatuko da.

Jarduketak

Proiektuak hobekuntza hauek aurreikusten ditu ekialdeko ahoan: mugikortasun urriko pertsonentzako aparkaleku-plazak sortzea, sarbidea eta irteera hobetzea, eta komunak egokitzea. Leze nagusiaren barrenean, ibilguaren ondoan bide irisgarri bat mugatuko da, eta irteeran pasabide irisgarriak sortuko dituzte bertze ertzera igarotzeko eta egokitutako ibilbidea Akelarreko zelaiko eskaileretaraino luzatzeko. Lanak aprobetxatuz, orain arte bisitariei itxita zegoen zelai hau ere irekiko dute.

Akelarreko lezean pasabide berriak paratuko dituzte, ibilbide irisgarriari jarraipena emateko eta kobazulo nagusirantz begiratzeko gunea eskaintzeko. Leihatilako eraikinean, berriz, erreforma integrala eginen dute indarrean dagoen araudia betetzeko, aparkalekuak eginen dituzte, hurbiltzeko ibilbidea hobetuko dute, komun irisgarria eginen dute eta mostradore egokitua paratuko dute.

Lanak abenduko “zubiaren” ondotik hasiko dituzte eta otsail hondarrean akitzea espero dute. Lezea urtarrilean itxia egonen da, bisitarien eta langileen segurtasuna bermatzeko.

Zugarramurdiko lezeak 100.000 bisitari baino gehiago hartu zituen 2024an, eta Nafarroako bigarren baliabide bisitatuena da, ondare-izaerarik ez dutenen artean lehenbizikoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun