Logroñoko Oroimenaren Oihana bisitatu dute zugarramurdiarrek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 28a

Zugarramurdiarrak Logroñoko Oroimenaren Oihanean.

2010ean Logroño eta Zugarramurdiren artean anaitasun ekintzak antolatu zituzten, orduan 400 urte bete baitziren Zugarramurdiko herritarrak zigortu zituztela, sorginak zirela akusatuz. Geroztik, azaro hasieran Logroñon urtero antolatu dute oroimen edo erreparazio ekitaldi bat, Ebro ibaiaren bazterrean dagoen Oroimenaren Oihanean.

Lore sorta eman zuten 2010ean landatutako hamaika zugarren erdian eta 'Xoriak xori' kantatu zuten

Oihan horrek hamaika zugar (Ulmus campestris) ditu, erre zituzten hamaika lagunen omenez, eta duela hamabortz urte Zugarramurditik joandakoek landatu zituzten. Aurten ere han egon dira herritar batzuk omenaldi horretan parte hartzen. Zugarrek borobil bat osatzen dute, borobilaren erdian monolito bat dago, eta han lore sorta bat eman zuten eta Xoriak xori kantua abestu zuten.


Paul Urkijoren 'Gaua' filmako fotograma bat.

'Gaua' filmaz

Xareta eskualdearekin zer ikusi badu berriki estreinatutako Paul Urkijo zuzendariaren Gaua filmak. Ikusten diren tokiak ez dira gure aldekoak, baina pertsonaiek egiten dituzten aipamenetatik ageri da gure inguruan kokatuak direla, Urdazubi, Landibar, Baiona, monasterioa… izenak aipatzen baitituzte. Gainera, zenbait hitz gure euskalkian erraten dituzte (zangoa, torri hunat, sagarnoa…). Apezaren papera egiten duen Manex Fuchs aktoreari argi sumatzen zaio Lapurdiko euskalkia.

Kontatzen dena historia zehatz bat izanik ere, betitik ezagutu ditugun sorginei buruzko zenbait istorio agertzen dira, eta garai haietako bizimoduak, jantziak, erritoak… aski ongi islatuak dira. Fantasiazko filma bat da, berez, deabruak, inguma, akerbeltz, sorginak hegan eta halakoak ere badaude. Gomendagarria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun