Peio Benta-Landibar izan da Dantxarineko 12. Pintxoaren Asteko irabazlea

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 11

Dantxarineko pintxo lehiaketako saridunak eta epaimahaiko kideak. Tartean, Julen Zubieta, sari nagusiarekin.

Julen Zubieta sukaldariaren ‘Baxurde’ pintxoak irabazi du epaimahaiaren sari nagusia eta Axularko Biok-Drunken Duck jatetxeak QR aplikazioaren bidez botoa eman dutenen saria.

Dantxarineko bentek hamabigarren urtez antolatutako Pintxoaren Asteko lehiaketako irabazleak jakinarazi zituzten igandean. Hamabigarren edizio honetako irabazlea Julen Zubieta, Peio Benta-Landibar jatetxeko sukaldaria izan zen, Baxurde pintxoarekin: Basurde brandadaz betetako kanutilloa gaztaina kremarekin.

Peio Benta-Landibar jatetxeko Julen Zubieta sukaldaria, kontent Dantxarineko pintxo lehiaketako sari nagusiarekin.

Epaimahaia Iñaki Ariztia Urdazubiko alkateak, Aitor Etxeberria Berako Txurrut jatetxeko sukaldariak, Maurice Izabal Ainhoako Ithurria jatetxeko sukaldariak, Ramuntxo Santesteban Baionako Otaño arraindegietako sukaldariak, Santiago Villares Urdazubiko alkate ohiak eta Txomin Iribarren Dantxarineko Merkatari eta jatetxeetako elkarteko lehendakariak osatu zuten.

'Baxurde' pintxo irabazlea: Basurde brandadaz betetako kanutilloa gaztaina kremarekin.

 

Bertzalde, Biok-Drunken Duck (C.C. Axular) bentak QR aplikazioaren bidez botoa eman zuten bezeroen saria lortu zuen Orein raviolia Martini eta Gaztaina saltsa eta garrapiñatuekin osatutako pintxoarekin.

Azkenik 200 euroko txekea ere zozketatu zuten, bentetan paratutako QR kodeen bidez botoa eman zutenen artean. Ekitaldiaren akaberan, hurrengo edizioan nahitaezko bi osagaiak zein izanen diren erabaki zuten: sasoiko barazkiak eta itsaskiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun