Erakusketaren aurkezpena hasteko, txalaparta jo zuten eta Zugarramurdiko alkate Argitxu Agerrek hartu dzuen hitza bertaratu direnak agurtzeko. Ondotik, proiektu museografikoa aurkeztu zuen Ainhoa Aguirre Zugarramurdiko Leze eta Sorginen Museoko zuzendariak, instalazio berria gauzatzea ahalbidetu duten lankidetzak aipatuz. Segidan eman zuten proiektua nola burutu den azaltzen duen bideoa. Proiektuan aktiboki parte hartu duten erakundeetako ordezkarien hitzartzea izan zen ondotik: Sofia Egido Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuko ordezkariak hartu zuen hitza, Iruñeko Arte eta Diseinu Eskolako zuzendari Iñaki Otsoak, eta Nafarroako Unibertsitate Publiko Idazkari Nagusi Roldán Jimenok. Ekitaldia bukatzeko, Mariah Henningsenek, ikerlari famatuaren alabak, eskerrak eman zizkion Museoari garatutako lanagatik eta erakusketa bisitatzeko aukera izan zuten.
Erakusketaren nondik norakoak
Museoko hirugarren solairuan kokatuta dagoen Henningsenen aurkikuntza erakusketak Henningsenen bizitzako hainbat arlo lantzen ditu hiru multzotan:
- Etnologoa: Danimarkatik Galiziara
- Historialaria: Salazarren paperen aurkikuntza, erreferentetzat hartzen dituen ikertzaileak, doktore-tesia eta sorginkeriari buruzko ikerketari egindako ekarpena.
- Inspiratzailea: bere ikerketetan inspiratzen diren literatura, zientzia eta arte lanak. Erakusketaren solairu berean dago Agurtzane Anduetza artistaren erakusketa ere.
Eskerrak Gustav Henningseni eta Marisa Rey-Henningseni
Iaz, maiatzean bisitan izan zen Museoan Marisa Rey-Henningsen eta, bere hitzetan, Gustav Henningsenek aspaldidanik adierazi zuen liburu, mapa eta objektu horiek Zugarramurdiko Museoan behin betiko gordetzea nahi zuela, Zugarramurdiko herriak bere ikerketei emandako harreragatik estimu eta esker ona adierazteko.
Gustav Henningsen 2023ko urrian zendu zen, baina bere oroimenak eta ondareak bizirik diraute. Museoak eskerrak eman nahi dizkie Gustavi eta Marisari museoarekin izandako detaileagatik, dohaintza eskuzabalagatik, eta museoan pentsatu izanagatik, bisitatzen joaten direnek beren ondarearen zati bat ezagutu dezaten.