Senpereko herriko bozetara aurkeztuko da Hats Berri taldea martxoan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 17a

Senpereko Hats Berri taldea martxoko herriko bozetara aurkeztuko da.

2026ko martxoan eginen diren Senpereko herriko bozei buruz, hiru zerrenden abiatzea bermatua da. Elgarrekin Senperentzat taldeak (hiru urte auzapez egin zuen Dominique Idiartek kudeatzen zuena) Céline Piva 45 urteko anderea izanen du buru. Bernard Elhorga gaurko auzapezak ere adierazi du prest dagoela bertze agintaldi bat betetzeko. Honen zerrendatik kanporatu den Jean Bernard Dolosorek osa dezake zerrenda bat eta Hats Berri taldea ere herriko bozetan izanen da. Egunotan egin du taldearen aurkezpena.

«Etiketa politikorik gabe» zerrenda gisara aurkeztu dute, 28 eta 69 urte arteko 31 hautagaiek (15 emazte eta 16 gizon) osatua, «lan eremu guztien ordezkari direnak». Xede argia du Hats Berri taldeak, «gure eskumenak denen zerbitzura jartzea, eraginkortasuna, justizia soziala eta etorkizuneko ikuspegia uztartzen dituen proiektu bat eramateko».

Beraien proiektuak zazpi ardatz nagusi ditu: Senpertarrengandik hurbilago den herriko etxe bat izan, gure bizi ingurumena hobetu, guztiendako bizitegi eskuratze bat, gure laborariak eta tokiko laborantza sustengatu, trantsizio ekologiko konkretua kausitu, susperraldi ekonomikora heldu eta belaunaldien arteko lotura soziala indartu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun