Ia sortzetikoa du bertsoarekin duen harremana: «Aitak beti kontatu izan ditu ttiki-ttikitatik, mintzatzen hasi baino lehen, doinuak kantatzen nituela». Bertsozaletasuna etxetik datorkio eta ez da bertsotan etxean ari den bakarra, aita eta arreba ere aritzen baitira. «Aitak beti kantatu izan dizkit bertso zaharrak eta berriak, eta haurtzaro hastapenetik ukan dut bertsoa ene baitan».
Bertsolaritzaren harra barren-barreneraino du sartua, eta argi dio «zinez maitea» duela. Egunerokotasunean ere «leku handia» du bertsoak: «Entseatzen naiz bertsotan aritzen etxean eta lagunekin, eta baita bertso saioak entzuten ere».
Ahaleginak badu saria
Bertsotan emandako orduek eman dizkiote lehenengo sariak. Aurtengo ekainean Arantzan jokatutako Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako txapela beretzako izan zen, eta «sorpresa» handia hartu zuen. Arantzan ez zuen txapela bakarrik irabazi: «Irabazteak konfiantza eta bertsotan segitzeko oraindik eta gogo gehiago eman dizkit. Bultzada izan da».
«Entseatzen naiz bertsotan aritzen etxean eta lagunekin»
Ez da Arantzakoa azken aldian lortu duen txapel bakarra. Aurten lehenengoz egin duten Gaztetxeak Bertsotan sariketan ere txapel beltzarekin itzuli da etxera. Esperientzia polita izan da gainera: «Gaztetxeetan kantatu dugu eta holako plazetan gazteekin kantatzea zinez maitatu dut».
Bertso saio anitzeko sasoia izaten da uda normalean. Ez da bere kasua izan, «uda aski lasaia» eduki baitu. Alta, lasai eta inolako arrangurarik gabe mintzo da: «Oraino gaztea naiz eta etorkizunean badut denbora aunitz saioak ukaiteko».
Udazkenean Xilaba
Udazkenean eta neguan bertsolari bai, baina batez ere bertsozale izanen da. Aurten hasi eta heldu den urtean bukatuko da Xilaba Zuberoako, Lapurdiko eta Baxenabarreko Txapelketa eta bertan kantari arituko ez den arren, bertan kantatuko dute Haira arrebak eta Karlos aitak. Parte hartzeko «inbidiarik gabe» da, ordea: «Gaztea naiz, eta bere momentuan ukanen dut aukera bertan kantatzeko».
Aurtengo txapelketa «interesgarria» izanen delakoan dago, orain arteko parte hartzaile batzuk ez direlako aurtengo txapelketan izanen, eta bertsolari berriak ariko direlako kantuan. Etxekoak txapelketan izanik, noski, «arrebak edo aitak irabaztea nahiko nuke». Etxekoak alde batera utzi gabe, badu Xilaba irabazteko bertze faborito bat: Miren Artetxe. Faborito zergatik ikusten duen azaldu du: «Azken aldian entzun dudan saioetan forman ikusten dut eta zinez maila handia ari da erakusten».
Futbolarekiko grina
Bertsoa ez da Aizpuruaren pasio bakarra, futbola ere hagitz maitea baitu eta Realaren jarraitzaile sutsua da. Taldearekiko pasioa ere etxetik hartu du, «aitak eta osabak transmititu didate». Reala da maite duen talde bakarra eta «zinez» jarraitzen du talde txuri-urdinaren eguneroko jarduna: partidak ikusiz, fitxaketak jarraituz….
«Futbolean aritzea zinez plazera izaten da»
Ikusi bakarrik ez, futbolean ere aritzen da eta urte aunitz daramatza Berako Gure Txokoa futbol taldean jokatzen. Hitz onak bertzerik ez ditu taldearentzat eta bertako kideentzat: «Lagun anitz ditut eta ingurune biziki goxoa dela atzematen dut. Biziki ongi eta gozoki sentitzen naiz taldean». Bereziki gustatzen zaio futbolean aritzea aukera ematen diolako bertzeak bertze lagunekin egoteko, haizea hartzeko eta kirola egiteko. Gehiago ere bai: «Gehien maite dudan kirola praktikatzea zinez plazera izaten da».
Eta etorkizunean zer?
Hamasei urte bete berritan, bizitza dena du aitzinetik. Gaur egun, ikasketak Baionako Bernat Etxepare Lizeoan egiten ari da, eta zirrikitu batetik bada ere, pixkanaka hasia da etorkizuneko asmoak irudikatzen eta marrazten. «Oraingoz, lizeoan bertze gaiak baino gehiago landuko ditudan hiru aukeratu ditut: historia, ekonomia soziala eta zientifikoa eta euskara. Etorkizunean momentuz ez dakit zer eginen dudan. Oraino denbora pixka bat badut, baina pixkanaka erabakiak hartzen hasi beharko naiz».