Larunbat ilunabarrean Gaueko Lanak lasterketa eginen dute igande goizean mendi maratoi erdia helduek eta, lehen aldiz, UKL txiki larunbat arratsaldean
Urteroko gisan, bi egunetan bi lasterketa izanen dira: urriaren 11n, larunbatean 19:30ean, ibilbide motza abiatuko da, Gaueko Lanak izendatua (9,5 kilometro luze eta 500 metroko desnibela). Urriaren 12an, berriz, Maratoi erdia izanen da Urdazubiko mendietan barrena, 21,5 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibelarekin. Igandean 09:30ean abiatuko da. Bi probetan ere parte har daiteke, 32 kilometroko proba konbinatuan, eta bietako denborak hartuko dira kontuan sailkapena egiteko. Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioaren 2025eko Nafarroako ranking-erako baliagarria izanen da.
UKL txiki larunbat arratsaldean
Aurten, berrikuntza gisara, larunbatean, 17:00etan UKL txiki izanen da. Haurrei zuzendutako lasterketa hau hiru adinetan banatuko da. 6 urtetik beheitiko haurrak aterako dira lehenik, gero 6-9 urte bitarteko haurrak eta, azkenik, 10 urtetik goitiko haurrak.