Sarako Mediatekaren ‘Hostoz Hosto’ proiektua lantzen hasi dira herriko hiru ikastetxeetan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 3a

Sarako Mediatekak sustatutako Hostoz Hosto proiektuaren logoa.

Euskarazko irakurketa eta plazera batzen dituen Hostoz Hosto proiektua martxan eman du Sarako Mediatekak. Ikasturte honetan eginen dute Sarako hiru ikastetxeetan, Ikas zentroa partaide duela.

 

Haurrei euskarazko irakurzaletasuna eragitea helburua duen proiektua borobiltzeko animazio jardunaldia eginen dute martxoaren 31n Omordian

Ideia Joanes Etxebesteren buruan ernatu zen; haurrei euskarazko irakurzaletasuna eragin, hark gorrituta aitortzen baitu ez dela irakurle handia izan. Geneviève Allain-Hiriart eta Ttoni Basurko Sarako liburutegiko bi kideri bere proiektuaz hitz egin ondoren, horrela sortu zen Hostoz Hosto proiektua. IKAS zentroko profesionalek aholkaturik eta lagunduta, hiru ameslariek proiektu hori irudikatu eta gauzatu dute; Hostoz Hosto.

Hiru liburu: eleberri bat, albuma bat eta komiki bat maila bakoitzeko banatu dituzte irailean proiektu honetan parte hartzea onartu duten Sarako 3 ikastetxeetan. Hostoz Hosto, izenak dioen bezala ikasturtearen zati handi batean hedatuko da proiektua; orrialdez orrialde, bisitaz bisita. Geneviève Allain-Hiriart, Ttoni Basurko eta Joanes Etxebeste irakurketa animatuak egitera eta liburuari lotutako tailerrak proposatzera pasako dira eskoletan ikasturtean zehar.

Proiektua borobiltzeko animazio jardunaldia martxoaren 31n Omordian

Azkenik, proiektuaren borobiltzeko martxoaren 31n Omordia aretoan animazio jardunaldia antolatuko dute Sarako ikasle guztientzat. Goizez haurtzaindegiko txikiek, haurtzainek eta eskoletako lehen mailakoek hainbat jardueraz eta irakurketa animatuez gozatzeko aukera izanen dute eta ondoren eguerdian Lehen Hezkuntzako lau mailen txanda izanen da.

Joanes Etxebesterekin batera, gaztetxoen artean ezagunak diren bi aktore ezagunek girotuko dute arratsalde hau; Asier Burguete eta Lorea Intxaustik.

Egitasmo honen helburua euskarazko irakurzaletasuna bultzatzea eta irakurketarekin ongi pasatzea da; liburuak ematen duen hedatzeko aukeraz gozatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun