Ikusi Mikusi haur eta gazte literatura azokaren borzgarren edizioa eginen dute Saran urriaren 10ean eta 11n. Bi egunez literatura izanen da protagonista eta euskara hutsezko ekoizpenak ikusi eta erosten ahalko dira. 2021ean sortu zen azoka Amaia Hennebutteren eskutik, eta Mari Gorri eta Galtzagorri elkarteak, Pamiela argitaletxea eta Sarako herriko etxea aritzen dira antolatzen.
Maider Elcano azokako koordinatzaileak azaldu duenez, Hennebutte ohartu zen Euskal Herrian ez zela euskarazkoa bakarrik zen haurren eta gazteen literatura azokarik: «Aski fite harritu ginen zenbat jende hurbiltzen den eta eskasia hori bazela sentitu dugu segidan».
Ortziralean haurrak eta profesionalak izanen dira protagonista eta larunbatean familiak
Urriaren 10ean, ortziralea, eta 11n, larunbata, eginen dute azokaren borzgarren aldia. Ortziralean, eskolen eta profesionalen eguna izanen da eta larunbatean, aldiz, familiena. Bi egunetan, hamabortz argitaletxek baino gehiagok euskara hutsean dauden haurrentzako eta gazteentzako literatura lanak eramanen dituzte Sarara eta haurrentzako hainbat ikuskizun, irakurketa eta tailer izanen dira adin tarteetan banatuta. Antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute eta programa dena ikusimikusi.eus helbidean ikusgarri ezarri dute. Denak berdin, denak ezberdin. Eta zu? da aurtengo festibaleko gaia, eta horri loturikoak dira antolatutako ekintzak ere.
1.200 haur ortziralean
Ortziralean, eskolen egunean, Euskal Herri osotik joandako 1.200 haur bilduko dira Saran. «Aski kontent gara Euskal Herri osotik etortzen direlako ikastetxeak. Izen ematea ireki eta goiz bakarrean bukatu ziren tokiak» azaldu du Elcanok. Haurrak eguna pasatzera joateaz landa, parte hartzera ere bultzatu nahi dituzte antolatzaileek. Horretarako, ikasle bakoitzak azokaren aurtengo gaiari buruzko lan bat sortuko du ikastetxean eta, ondotik, denak erakutsiko dituzte Saran festibalaren bi egunetan. «Horrela, haurrak festibalaren parte aktibo dira».
Larunbaterako sartzeak salgai paratu dituzte azokaren webgunean
Bigarren berezitasun bat ere badu ortziraleak, antolatzaileek ikasle bakoitzari hamabortz euroko bonu bat ematen baitiete azokan gastatzeko eta euskarazko liburu bat eskuan itzuliko dira etxera: «Haurrentzat bereziki magikoa da liburu batekin etxera sartzea eta magia hori izatea guretzat biziki garrantzitsua da».
Elcanoren hitzetan «bereziki inportantea» da eskolen eguna: «Badakigu familian etortzen direnak kulturalki irekiak direla, eta ikastetxeak etortzeak azoka benetan denei irekitzea erran nahi du».
Profesionalen bilgunea
Ortziralean, eskoletako haurrak biltzeaz gain, profesionalen eguna ere izanen da. Literaturaren inguruan lan egiten duten profesionalak elkartuko dira Saran: irakasleak, argitaletxeetako arduradunak, mediateketakoak... Profesionalen bilkura ere Denak berdin, denak ezberdin, eta zu? lelopean eginen dute eta egun osoko egitaraua izanen bada ere, arratsaldeko mahai ingurua da hitzordurik inportanteena. Bertan Mireia Delgado antropologoa eta pedagogoa, Ainara Lopez Parean elkarteko kidea, Idoia Rodriguez genero pedagogoa eta Paula Estevez Tupust kolektiboko kidea eta ilustratzailea ariko dira solasean.
Familien txanda larunbatean
Larunbaterako ere «jende aunitz» espero dute antolatzaileek. Ortziraleko ikuskizun berberak izanen dira, baina kasu horretan ikuskizunetarako sarrera bakoitzak bortz euroko prezioa izanen du. Tailerrak, berriz, urririk dira. Iaz hurbildutako jende oldeak hainbat zailtasun eragin zizkien antolatzaileei kudeaketarako, eta hala, aurten, sartzeak aitzinetik paratu dituzte eskuragarri azokaren webgunean. Larunbaterako, «Hegoaldetik jende anitz etortzen da, eta pentsatzen ari gara Iparraldetik jendea nola etorrarazi».