Marrumaka jaialdia antolatu dute urriaren 4an eta 5ean Saran

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 1a

Gorka Urbizu izanen da Sarako Marrumaka jaialdian, igande arratsaldean. Argazkia: Wikimedia Commons

Musikaz gain, bertze hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburuan lezeen inguruan.

Sarako Lezeek eta Usopopek Marrumaka jaialdia antolatu dute urriko lehen astebururako, «atzoko, gaurko eta biharko mitologiak ospatuko dituen ekitaldia», Biharko kondairak kanta ditzagun goiburupean. Bi egunez eta bi arratsez, antolatzaileek lezeetan iraganen den asteburua besta herrikoi moduan pentsatu dute. Musikak, dantzak, mintzaldiek eta hainbat hitzorduk osatuko dute egitaraua.


«Munduak uztartzen diren lekuan, elgarrekin biharko kondairak kanta ditzagun eta Behigorri Marrumaka has dadila!», diote antolatzaileek. Hain zuzen, «Behigorri edo Ahatxe, lezean, ba omen zen zezen gazte edo behi itxuran agertzen zen jeinua, hartako zaindaria zena. Haren marrumek izitzen eta ihes eginarazten zieten bertara sartu nahi zutenei».

Musikaz gain, bertze zenbait ekitaldi ere izanen dira asteburu osoan, baina gehien gehienetan lekuak beterik daude dagoeneko.



Larunbateko egitaraua

Urriaren 4an, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara Marrumaka idekitzea eta ekoizle eta artisauen merkatua eginen dute. 09:00etan eta 11:00etan Ibilaldi gidatua: natura, historia eta mitologia. CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeko Imanolekin. 11:00etan, Ataungo Jentilbaratza eta Otsoak taldearen ikuskizun berezia Lezean. 13:30ean Bazkaria: zikiro eta deserta (Sarako eskolen buraso elkarteen eskutik). Mutxikoak, erraldoiak eta musika. 15:00etan jokoak, aurpegi- margoketa eta tailerrak haur eta helduentzat. 18:00etan Kontzertuak USOPOPek antolaturik: This is the Kit, Mabe Fratti, Kaskezur, Los Sara Fontan eta Ezezez taldeak.


Igandeko egitaraua

Urriaren 5ean, igandean, 09:30ean eta 14:00etan Ipuin-ibilaldiak oihanean (Julien Gaüzère-ekin). 10:30ean Lezearen bisita berria Pontx pailazoarekin. 11:15ean lezearen bisita berezia, mitologiari buruz, Joritzekin. 10:00etatik 13:00etara gosari alaitua (Sarako eskolen buraso elkarteen eskutik). 13:00etitik 16:00etara jokoak, aurpegi margoketa eta tailerrak haur eta helduentzat. 16:30ean izanen da kontzertuetarako idekitzea eta 17:00etan eta 17:45ean Lumi taldeak emanaldi berezia eskainiko du lezearen barnean, musika eta irudia uztartzen dituen bidaia baten gisa. 18:00etan hasita Penelope Trappes, Ibil bedi eta Gorka Urbizu izanen dira. Egun osoan erakusketak, dantza emanaldia, bisita antzeztuak, haurrentzako tailerrak… urririk izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun