Egun osorako egitarau zabala antolatu dute eta ekitaldiak bi lekuetan izanen dira.
Suharriaga parkea:
- 09:00etan ekoizleen eta artisauen merkatua.
- 09:30ean Bidexketan sei kilometroko ibilbidea. Izen ematea 09:0etatik goiti egin beharko da, eta 5 urtetik goitikoek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Olhain ikastolak antolaturik.
- 10:00etatik 12:00etara irakurketa xokoa Sarako Mediatekak animaturik.
- 10:30etik 12:30era pottoka itzuliak Maider Jorajuriarekin
- 11:00tean Kontrabandista antzerkia Estitxu Mentaberrirekin.
- 12:30ean Zikiroa Kantazanek alaiturik Olhain ikastolak antolatuta.
- 14:00etan Pitxiren kontzertu akustikoa.
Plaza:
- 10:00etan Bote luzeko pilota partida Sararen eta Biriaturen artean Sarako Izarra Pilotak antolaturik.
- Igantziko eta Sarako erraldoien abiatzea.
- 16:45ean joaldunen abiatzea.
- 17:00etatik goiti taloak Olhain ikastolak prestaturik.
- 17:00etan Kontrabandista Ttiki lasterketa 2014 eta 2019a artean sortu haurrendako.
- 18.00etan Kontrabandisten Lasterketa.
- 19:00eta Mutxi'kool
- 20:00etan Dizkibolo.
Kontrabandisten 62. Lasterketa:
Parte hartzaileek 8,4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Sarako plazan hasi eta Zazpi Fagoko tontorra igo behar dute, berriz ere Sarako plazara ailegatzeko. Lasterketaren berezitasuna da korrikalariak galtza luze beltzekin eta tixerta edo ator xuriarekin janzten direla. Lehen 1.500 metroetan, gizonek 8 kiloko eta emakumeek 4 kiloko zakua bizkarrean harturik egiten dutela. Berako bidegurutzean zakua utzi, eta itzulerako bidean berriz hartzen dute.
Bigarren berezitasuna da lasterketan ezin duela edonork parte hartu. Sarako Herriko Etxeak lasterketa hau tradizioz mantendu du eta inguruko herri batzuk gomitatzen ditu. Herri horiek bi korrikalari hautatzen dituzte, herria ordezkatzeko. Horiek dira gomitatutako herriak: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Biriatu, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide, Igantzi eta Zugarramurdi. Sarako herriak herri horiek hautatu ditu denek kontrabandoaren ondare bera partekatzen dutelako.
Lasterketako errekorra 2006an ezarri zuen Fernando Etxegarai beratarrak 38 minutu eta 36 segunduko denborarekin. Gainera Etxegarai bera da garaipen gehien dituena: zortzi. Bigarren postuan bertze beratar bat dago zazpi garaipenekin: Joseba Larralde.