Sarako sei andereren testigantzak bilduz egin duten ‘Plazandere, ilunpetik argitarat’ dokumentala asteartean ikusgai

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 23a

Herriko emazteak argitara ematea du helburu Plazandere, ilunpetik argitarat proiekzioak, «anitzetan itzalpean gelditu direnak herriko bizitzan funtsezko rola izan arren».

Bideo-potret eta lekukotasunen bidez osatu dute eta sei emazte hautatu dituzte: Mikeltegiko bordako Germaine Errandonea, Kattin bordako Frantxa Lamothe, Haurziartzeko Théodora Zunda, Aldun zaharreko Thérèse Indart, Arretxeko bordako Marina Hirigoien eta Baratxarteko Estitxu Girard. Batzuk euren bizipenak kontatu dituzte, eta bertze batzuk zenduak diren emazteen hurbilekoen testigantzak dira. Hala ere, proiektu honek «emazte guziei» egin nahi die omenaldia, «itzaletik argitara ateratzeko».

Sarako hautetsi andereen ekimenez abiatu zuten lana eta Euskal Hirigune Elkarguneak bultzatu eta Kanaldudek egin du filma. Asteartean, agorrilaren 26an, Sarako Lurberri gelan ikusteko aukera izanen da, 18:00etan. Sartzea urririk izanen da, baina Sarako Herriko Kontseiluak lekua atxikitzea hobe dela erran du. Lotura honetan egiten ahal da.

Irailaren 20an eta 21ean, berriz, Sarako lezeetan emanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun