Joan den ortzegunean, abuztuaren 14an, Senpereko Larraldean hainbat entzule hurbildu ziren, Eric Ducharryk, Deus poemarioaren idazleak berak, zuzendu zuen poesia tailerrerat. Deus poesia liburua eduki zuten hizpide eta ardatz horretatik, bertaratu zirenek, deusaren eta ezdeusaren inguruan hausnartzeaz gain, kontzertu errezitaldi poetikoaz eta bertzelako hausnarketez disfrutatu ahal izan zuten. Horrez gain, tokikoa unibertsalarekin lotuta dagoela konprenitzeko aukera ere eduki zuten, poeta diferenteak eta haien erranak oroitzean: «Dicharryk hainbat erreferentzia ekarri zituen, hala nola No future belaunaldia, Hiroshi Sugimoto eta John Cage, baita tradizio poetiko arabiarrak ere».
Jardunaldian hitza, haren izatea eta haren inpaktua solasgai izan zituztela azaldu dute parte hartzaileek: «Tailerrean hizpide izan ziren, halaber, hitzak, gure historia sortzen eta kontatzen dutenak, baina baita egia eta isiluneak ere». Bide beretik, poetaren eta hark utzitako arrastoaren inguruan ere hausnartu zuten. «Poetak egindakoa ez da beti historia, poetak orainean idazten baitu gaurko sentipenez, baina historian arrasto bat uzten du beti».
Bertzalde, poesia entzuleen belarrietan pausatzearen beharra aldarrikatu zuten tailerrean, «entzuleen begi eta belarrietan osatzen delako benetako poema». Bidenabar, existitzen eta entzunezina denari erreferentzia egin zioten eta parte hartzaileek beraien «oroitzapenak eta zentzumenak gurutzatzeko» eta elkarren artean konektatzeko eskribitzeko ariketa burutu zuten.
Azkenik, tailerrak poesia musikaturantz eta arte plastikorantz hartu zuen bidea eta Galdos eta Quelen eskutik txalaparta hotsek, Galdos beraren eta Zamoraren margolanek eta Ducharryren kontzertu errezitaldi poetiko batek hartu zuten protagonismoa. Horren segidan, Sistiagaren semeak aita, margolaria zena, omendu zuen eta hor egon zirenen hitzetan, «bukaerako deus sentikaria ez zen ezdeusa izan». Laburbilduz, «poesia-tailerrak ez zituen bakarrik hitzak ekarri, baizik eta hitzen bidez pentsatzeko, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko aukera».