Pilotaren Unibertsoa eta patata tortilla txapelketa egin dituzte Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 4a

Urteroko gisan, Urdazubiko Herriko Etxeak antolatutako agendan, tortilla txapelketa eta pilotaren unibertsoa deituriko ekitaldiak egiten dira. Aurten, abuztuaren 2an elkartu ziren besta honen ospatzeko eta 19:00etan jadanik herritar andana bat zegoen usaian bezala haien tortillak aurkezteko zain. Behin tortillak aurkeztuta, lan hori guztia egindako jendeak hiru pilota modalitatetan egindako partidez gozatzeko aukera izan zuten. Argazkiak: Arantxa Etxeberria

20:30 aldera, partidak akitu ondotik, hasi zen epaimahaia kategoria bakoitzeko irabazleen izenak erraten. Hauek izan ziren Catherine Marchandek (gastronomia kazetaria), Julien Lamothek (Urbia jatetxea) eta Xabier Izabalek (Ithurria jatetxea) osatutako epaimahaiak aukeratutako saridunak:

Estilo tradizionalean Marixan Iturria izan zen garailea eta bigarren Maria eta Teresa Luque izan ziren. Estilo librean, Felix Puentek eskuratu zuen lehen saria eta Mireia Martinezek bigarrena. Azkenik, estilo profesionalean, Indiano Baita izan zen nagusi. Hurbildutako guziek tortilla guztiak dastatzeko aukera izan zuten, baita momentuan prestatutako txistorra eta xingarra ere.

Aipatzekoa da, hiru hauek garaile suertatu baziren ere, aurkeztutako 15 tortillek ikaragarrizko maila erakutsi zutela. Zorionak parte hartzaile guztiei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun