Garazi Larralde Jaurena

«Iparraldean Hegoaldekoa naiz eta alderantziz»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 3a

Garazi Larralde Jaurena

Garazi Larraldek, Urdazubiko neska gazteak, Iparraldean ikasi du urte aunitzez, baina Hegoaldekoa da berez eta hemen egiten du bizia orain. Horren bueltan eta bertze hainbat konturen bueltan solasean ibili da.

Nor dugu Garazi?

Bere bizitza mugak zatitzen duen eta Hegoaldean zein Iparraldean bizitu izan den neska alaia eta bizia. Plan bati ezezkoa ematea kosta egiten zaion horietakoa.

Zer duzu gustuko?

Leitzea gustuko dut, baina, batez ere, futbola eta besta giroa ditut gustuko.

Leitu duzun liburu bat berriz leitu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Karmele Jaioren Maitasun kapitala. Liburuak maitasunaren inguruko usteak astintzen ditu, eta modu ausart eta finean azaltzen du nola bihurtu den maitasuna merkatuaren parte. Gogoeta sakonerako aukera eman zidan liburu honek.

Bizitza osoa Iparraldean ikasten eman duzu, baina berez Hegoaldean bizi zara. Mugak zure bizitza zatitzen duela uste duzu?

Lehenago nire bizitza aunitz zatitzen zuela sentitzen nuen eta Hegoaldeko bizitzatik eta hemengo ohituretatik urrun sentitu ohi nintzen batzuetan. Gaur egun, sentimendu horrek hor segitzen du, baina, ez dit frustraziorik eragiten. Iparraldean beti Hegoaldekoa izan naiz eta izanen naiz; eta Hegoaldean alderantziz. Ez naiz inoiz %100ean sutsuki nonbaitekoa kontsideratua izanen.

Zein izan da zure Iparraldeko ikasketa ibilbidea?

Lehenik, Sarako ikastolan, ondotik Ziburuko Piarres Larzabalen eta azkenik, Bernart Etxepare ikasetetxean ibili naiz.

Zer azpimarratuko zenuke ibilbide horretatik?

Bernart Etxeparen ikasi nuenean, Etxepareko barnetegian bizitu nintzen aste tartez eta esperientzia hori azpimarratuko nuke, bihotza bete zidala sentitzen dudalako.

Baxoari dagokionez zein bizipen?

Baxoa frantsesez pasatu behar izan nuen. Ttikitatik euskaraz ikasi eta bat-batean nire etorkizunerako erabakigarria zen froga bat frantsesez egitea tokatzen zitzaidan. Esfortzu bikoitza egin behar izan nuen eta gogorra izan zen.

Harro sentiarazten zaituen zerbait?

Nire inguruak orokorrean.

Orain bidaia bat egin beharko bazenu, norat?

Afrikako herri ttiki batera boluntariotza egitera.

Zure helburuak epe motzera?

Udaz gozatzea.

Eta epe luzera?

Motibatzen nauen zerbaitean lan egitea eta pertsona onez inguratuta egotea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun