Neomak taldearekin ETBrako saioa grabatu dute Zugarramurdiko lezean

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 5a

Neomak musika taldeko kideak eta Urdazubiko figuranteak Euskal Telebistako 'Euskal Herria hegan' saiorako grabaketan.

Musika taldekoekin batera, Urdazubiko figuranteak ere aritu ziren irailetik aitzinera emanen duten 'Euskal Herria hegan' saio berrirako.

Neomak musika taldeak grabaketa berezi bat egin zuen Zugarramurdiko lezeetan uztailaren 5ean, denboraldi berrian, irailetik aitzinera Euskal Telebistak ematen hasiko duen Euskal Herria hegan programarako dena.

Programa honetan, Euskal herriko bistak airez ikusteaz gain, historia, tradizioa eta mitoak ere kontatuko, dira baina musikak ere garrantzi handia izanen omen du, programa bakoitzerako bere musika propioki konposatua izanen delako. Bederatzi ataleko sorta bat izanen da, bakoitza 50 minutukoa, eta ETB1en zein ETB2n emanen dute.

Lezearen barnean egin zuten ETBko saiorako grabaketa.

Zugarramurdiko saioaren kasuan, Neomak taldeak paratuko dio musika programari, eta bortz urdazubiar ere aritu ziren antzezle lanak egiten, figurante bezala. Luze joan zen grabaketa, arratsaldeko hiruetan hasi baitzen eta gauerdian finitu. 

Neomak musika taldea 2019an sortu zuten folk taldea da, pandero eta perkusiotik abiatu eta abangoardiara jotzen duena, bai estetikoki eta baita musika aldetik ere. Zazpi partaide ditu, haietako hiru arrasatearrak dira eta gainerakoak Deba, Zarautz, Zizurkil eta Asteasukoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun