Info gida 2025

«Animaliei egiten ahal diegun minaz ohartarazten saiatzen gara»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 22a, 12:00

Urdazubin dagoen Trikuharry animalien babeslekua, animaliak hartzeaz, zaintzeaz eta bizi hobe bat emateaz arduratzen da. Animaliak laguntzeaz gain, magia ikuskizunak antolatzen dituzte, hola dirua bildu eta haur behartuen zentroetara bideratzeko. 

Urdazubiko Trikuharry animalien babeslekua, «natura interpretazio zentro» gisa definitu du Javi Diazek, bertako arduradunak. «Animaliei egiten ahal diegun minaz ohartarazten eta min hori ikusarazten saiatzen gara» azaldu du. Bertara «gaizki tratatuak» izan diren animaliak iristen dira, jendeak  ongi mantendu ezin edo ongi mantendu nahi ez dituelako. «Behin hemen daudela, hemen mantentzen edo zentro handiagoetara bideratzen saiatzen gara».

Gainera, dirua biltzeko ekintzak antolatzen dituzte: «Magia ikuskizunak antolatzen ditugu gure babeslekurako dirua biltzeko eta baita haur behartuekin lanean aritzen diren erakundeetara dirua bideratu eta horiek laguntzeko ere». Baina ikuskizun horiek bertze helburu batzuk badituztela ere argi utzi du: «Eszenatokira igotzen naizenean bertan begira dauden helduak eta haurrak  entretenitzen saiatzen naiz, ordu hortan behintzat beraien arazoez atzendu eta magiak eragiten duen ilusioan murgiltzeko». Horren harira, orain udan, bi magia ikuskizun eginen dituzte, bat uztailean eta bertzea abuztuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun