Ikaburuko Lezearen Eguna larunbat honetan ospatuko dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 18a, 11:00

Egitarau zabala izanen dute aurten ere Urdazubiko Lezearen Egunean, larunbatean.

Urteroko gisan, uztailaren erdialdean Ikaburuko Lezearen Eguna ospatuko dute Urdazubin. Aurten, uztailaren 19an, larunbat honetan, izanen da egun handi hau eta horren karietara, egitarau polita aurkeztu du Urdazubiko Herriko Etxeak.

Egun osoko egitaraua

Larunbatean 11:00etatik 14:00etara txalaparta erakustaldia izanen da lezearen atean. Tenore berdinean, historiaurreko bizitza tekniken erakustaldia eginen du Iñaki Libano Edestiaurre Arkeologia Elkarteko presidenteak. Horretaz gain, goizez eta arratsaldez, 11:00etatik 18:00etara, artisauen azoka izanen da leze inguruan.

Arratsaldean ere izanen da zer egin. Konparazione, 16:00etatik 17:00etara Javi herriko magoaren magia ikuskizuna izanen da. Horrez gain, egun horretako erositako txartelen artean, artisauen produktuekin betetako saski eder bat ere zozketatuko da. Zozketa 17:00etan eginen dute.

Egun betea izanen da larunbat hau, eta hortaz, hurbildu lezerat eta gozatu Urdazubiko historiaz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun