Lilo taldearen musika herrikoia entzungai izanen dute igande eguerdian Zugarramurdiko lezean

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 17a, 08:00

Iruñerriko Lilo taldeak igande eguerdian eskainiko du kontzertua Zugarramurdiko lezean.

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak antolatutako Kultur programaren 30. edizioak Nafarroa osoko 43 herri bisitatuko ditu udako asteburuetan, hainbat estilotako musikarekin, baita antzerkiarekin, zirkuarekin edo dantzekin. Uztailaren 20an, igandean 12:00etan, gaur egungo musika herrikoia aditzeko aukera izanen dute Zugarramurdiko lezean, Lilo taldearen Nora goazen jakin gabe emanaldiarekin.

LILO Iruñerriko taldea da, eta 2020ko urtearen amaiera aldera sortu zen Maria Mateo taldeko abeslariaren eta Pello Iturria bateria eta ahotsaren abestiei musika jartzeko. Gainera, taldeko kideak dira honako hauek ere: Oihane Gulina (pianista), UZTen Hoyuelos (gitarrista) eta Nekane Ibero (gitarrista eta baxu jotzailea) eta Irama Otero (gitarrista). Horiek guztiek talde bat osatzen dute, pop estiloa nabarmena izanik, baina rocka, indiea eta folka bezalako estiloekin ere jokatzen dute. Abestien hitzak euskaraz daude (gehienak), eta askotariko gaiak lantzen dituzte. Abestien bitartez, giro intimista eta lasaian murgildu gaitezke edo erritmo mugituagoekin dantza egin dezakegu. Musikarekiko grinak elkartu baditu ere, kideen arteko konexioa nabaria da eszenatokian; izan ere, LILOren ibilbidea luzea ez izan arren, Nafarroako musika talde honek argi du zabaldu nahi duela, espazioak irabazi eta beren musika ezagutzera eman, eta gogor lan egiten dute horretarako. LILOk lehen diskoa argitaratu berri du, Nora goazen jakin gabe, eta hainbat kontzertutan aurkeztu du jada; tartean, ‘Iruña Rock 2023’, ‘Estaciones Sonoras 2023’ eta ‘Enclaves 2023’.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun