Info gida 2025

«Laguntzaileen laguntzagatik ez balitz, ez genuke lasterketarik eginen»

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 8a

Imanol Iribarren, Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa.

Urriaren 11n eta 12an eginen dute aurten Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketa. Bi proba ditu lasterketak, larunbat ilunabarrean eginen duten 10 kilometroko motza eta igande goizean egiten duten 21 kilometroko maratoi erdia.

«Larunbatekoan Azkar mendia igotzen da lehenik, gero Argandoita inguratu, igo eta herrira itzultzen da. Igandeko ibilbidea, berriz, duela bi urte aldatu genuen, eta orain ibilbide aski politago bat sortu dugu eta lehenengo 7 kilometroetan kostalde dena ikusten da».

Bi ibilbideek berezitasun bera dute: «Zaku bat bizkarrean hasten eta bukatzen dute lasterkariek proba, kontrabandisten historia ez ahazteko». Bi lasterketa antolatuta, parte hartzaileek biak egiteko aukera dute: «Bada jendea lasterketa motz eta esplosiboak nahi dituena, eta maratoi erdian gehiago dosifikatzeko aukera dago, erritmoa mantentzekoa». Bien artean, «pertsonalki, gaueko lanekoak xarma berezia du, bertze mundu bat da bai ikusteko eta baita  egiteko ere».

Probak urrian izanen badira ere, prestaketa lanak hasiak dituzte dagoeneko, eta aurten  seguru aski sorpresaren batekin gainera. Dena antolatzeko Urdazubiko herritar aunitz inplikatzen dira probako bi egunetan: «laguntzaileen laguntzagatik ez balitz ez genuke lasterketarik eginen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun